1.500 soldadu estatubatuar iritsiko dira datozen asteetan Irakera, Etxe Zuriak adierazi duenez, “aliatu irakiar eta kurduak entrenatzeko Estatu Islamiarraren aurkako borrokan”.
AEBetako administrazioaren hitzetan, “soldadu horiek ez dute borrokan parte hartuko”.
Orain arteko presentzia militar estatubatuarra bikoiztuko da Iraken modu horretan. 1.400 militar dauzka Washingtonek dagoeneko bertan, bi operazio zentrotan sailkatuta. Tropa berriak beste leku batean egongo dira, baina Pentagonoak ez du zehaztu non.
Horrez gain, Etxe Zuriak 5.600 milioi dolar eskatu dizkio Kongresuari, Estatu Islamiarraren kontra borrokan jarraitzeko.