argia.eus
INPRIMATU
AEBek 10.000 hildakoen langa gainditu dute eta zenbatu gabeko hil asko dauzkate
  • Txinak koronabirusagatik egunean hildakoen kopurua 0-raino eraman duela jakinarazi duen egun berean, apirilaren 6an, AEBek gainditu dute 10.000 heriotzen langa astelehenean bertan 1.225 biktima zenbatuta. Txinaren ostean Europa bihurtu zen bezala koronabirusaren epizentro, aste batzuen tartearekin izurritearen gunerik beroena AEBak bilakatzen ari dira, behintzat munduaren zati aberatsari dagokionez. Alabaina, biktimen kontaketan ez dabiltza Europan baino hobeto AEBetan ere.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 07a
New York hirian koronabirusak hildakoen gorpuak kamioi frigorifikoetan ari dira biltzen. (Argazkia: Ron Chang)

Egun beltza apirilaren 6a AEBetan: Covid-19aren eraginez 1.255 lagun hil dira eta herrialde osoan 10.000ko kopurua gainditu dute. Dagoeneko izurriteak herrialdearen estatu guztietan hil du, Wyomingen salbu. Krisirik larriena Atlantiko itsas bazterrean eragin du orain arte, New York estatuan 4.758 biktima eta 1.003 New Jerseyn. Astelehen ilun honetan New Yorken bertan 600 hil dira. Arrazoi osoz diote agintariek aste hau etorkizunean gogoratuko dutela gaurkoak Pearl Harborrez akordatzen diren bezala 

Baina, gainera, AEBetako kopuru errealak askoz handiagoak izan daitezke itxura guztien arabera, izurri honen jarraipen estatistikoa egiten duen Worldometers zerbitzuak azaltzen duenez AEBen jarraipenean ipinitako ohar argigarri honetan:

"New York hirian egunero hiltzen diren 180-195 gehiago geratzen dira zifra ofizialetatik kanpo. Honela esplikatzen du New York hiriko Osasun Batzordeko buru Mark Levinek: 'Krisi honen hasieran bagenuen gaitasuna etxean hildako jendea testeatu eta koronabirusik zeukaten bilatzeko. Baina aspaldi bukatu ziren garai horiek. Gaur egun ez daukagu ahalmenik etxean hiltzen diren jende ugariok testeatzeko, hori bezain sinplea da. Orain hil aurretik testeatuz konfirmatu ahal izan ditugun kasu bakanak dira heriotza agirian koronabirusaren biktima hil direla ipinita daukatenak. Kasik segurtasunez esan dezakegu pandemia honen kopuru totalak azpitik ari garela kontatzen".

Txinan Covid-19ak otsailerako erakutsi zuen arren osasun sisteman eragin zezakeen anabasa, AEBetako agintariak erasoari aurre egiteko ongi prestatu barik harrapatu ditu, aste batzuk lehenago Europakoak harrapatu zituen bezala. Orantxe bertan, New York hirian gaixotuak artatzea bezain konplikatua bihurtu zaie hildakoen gorpuak bildu eta lurperatu artean edukitzea. Adibide oso argigarri bat eskaini du Osasun Batzordeko arduradunak: