argia.eus
INPRIMATU
AEBak guda krimenengatik epaituko dituzte Nazioarteko Zigor Auzitegian
  • Nazioarteko Zigor Auzitegiak azaldu duenez, AEBek itaunketa teknika bortitzak erabili zituen Afganistanen. Guztira 88 tortura kasu jaso ditu auzitegiak.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 18a

Nazioarteko Zigor Auzitegiak txosten bat plazaratu du azaroaren 15ean. Han azaldutakoaren arabera, AEBetako indar militarrek guda krimenak egin zituzten Afganistanen 2003tik 2014ra bitartean.

Bildutako informazioak frogatu duenez, guda krimentzat jotzen diren itaunketa teknikak erabili zituzten AEBetako Indar Armatuek eta Inteligentzia Agentzia Zentralak (CIA). Bereziki 2003an eta 2004an egin zituzten krimen gehienak, baina kasu batzuk 2014ra arte luzatu ziren.

AEBetako Indar Armatuek gutxienez 61 atxilotu torturatu zituztela jaso du txostenak. CIAren kasuan, 27 dira gutxienez. Ustezko krimen horiek ez dira bakar batzuen gehiegikeriak izan. Izan ere, onartutako politika bat aplikatuta egin direla pentsatzeko arrazoi asko daudela azaldu du auzitegiak. Ikerketak jaso duenez, itaunketa teknika bortitzak daude politika horren oinarrian, atxilotuei informazioa ateratzeko metodoak.  

Horrez gain, auzitegiak salatu du CIAren ardurapean hil ziren atxilotuen kasu bi besterik ez dituela ikertu AEBetako Fiskal Nagusiak. 2012ko abuztuan eman zituzten amaitutzat ikerketa horiek, eta ez zuten inor kondenatu. Horren aurrean, AEBetako Fiskal Nagusiak adierazi du Justizia Sailak ez duela “fede onez” eta “Aholularitza Juridikoak ezarritako legeen barnean” jokatu duen inor epaituko.

Talibanek eta euren aliatuek ere guda krimenak egin zituztela gaineratu du auzitegiak txostenean, eta horiek Afganistango Gobernuaren eta Afganistango Polizia Nazionalaren eskutik egin zirela. Horren aurrean ere ikerketa sakona egingo duela adierazi du auzitegiak.

Nazioarteko Zigor Auzitegia 2003an ezarri zen, guda krimenak eta gizatasunaren kontrako krimenak epaitzeko. Kidea da Afganistan, baina ez AEB, horren kontra egin baitzuen George Bushen presidentziapean. Azaroaren 16an eman zuen ezagutzera Vladimir Putinek Errusiak ere bertako kide izateari utzi diola, “ikerketetan aldebatekokeria” dagoela uste duelako.