argia.eus
INPRIMATU
AEB protesta artean, Trump presidente izendatuko duten astean
  • Donald Trumpen presidente izendapen ofiziala urtarrilaren 20an izango da. Hori dela-eta protestaz beteriko astea da hau AEBetan. Urtarrilaren 14an egin ziren lehenak, eskubide sozialen eta immigranteen alde.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 17a
Seattlen Trumpen aurka eginiko protesta. (Arg.: voanoticias.com)

Aurreko larunbatean, 2.000 pertsona inguruk Martin Luther Kingen omenezko monumenturanzko bidea egin zuten euripean “Justiziarik gabe ez da bakerik egongo” leloarekin. Gutxiengoen aldeko borroka eta “Obamacare” gisa ezaguna den osasun programa defendatzeko deia egin zuten. Trumpek bertan behera utzi nahi du azken hori.

30 taldek, ia guztiak errepublikanoaren aurkakoak, eskatu dute aste honetan mobilizazioak antolatzeko baimena, presidente berriaren kargu hartzearen aurretik, ondoren eta bitartean. Asteari amaiera Emakumeen Martxa Handiarekin emango zaio urtarrilaren 21ean. Hau izango da guztietan handiena. Antolatzaileek 200.000 pertsona inguru gerturatzea espero dute Trump presidente izendatu eta hurrengo egunean egingo den mobilizaziora. Besteak beste, Katy Perry eta Scarlett Johansson artistek adierazi dute bertan egongo direla.

Trumpen izendapenera 800.000 pertsona inguru gerturatzea espero dute, Obamak presidente kargua lehen aldiz hartu zuenean baino milioi bat gutxiago. Halere, egun horretarako Washingtongo poliziak eta AEBetako Zerbitzu Sekretuak 3.000 polizia gehigarri jartzeko asmoa dute. Guardia Nazionalak ere 5.000 agente jarriko ditu.