argia.eus
INPRIMATU
AEBek Osasunaren Mundu Erakundea uzteko prozedura abiatu du Trumpek
  • Amerikako Estatu Batuak ez dira Osasunaren Mundu Erakundeko kide izango urtebete barru, astearte honetan erakundearekin “erabateko haustura” iragarri duen prozedura burutzen bada.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 08a

AEB Osasunaren Mundu Erakundetik (OME) kentzeko prozesua aktibatu du Etxe Zuriak astearte honetan, eta urtebete barru gauzatzea aurreikusten da. "AEBen erretiratze-abisua, 2021eko uztailaren 6an gauzatuko dena, NBEko idazkari nagusiari bidali zaio jada, OMEren gordailuzainari", esan dio Etxe Zuriko funtzionario batek EFE agentziari, anonimotasuna eskatuz.

Iturriak ez du erretiratzeko prozedurari buruzko xehetasun gehiago eman, baina Donald Trump presidenteak maiatzaren amaieran iragarri zuen nazioarteko erakunde horrekin "hausteko" erabakia hartu zuela, eta funtsak "osasun publikoko beste zenbait premiatara" bideratuko zituela.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren bozeramaileak ohar batean baieztatu duenez, astelehenean jaso zuen jakinarazpena, eta orain "OMErekin erretiratzeko baldintza guztiak betetzen diren egiaztatzeko prozesuan" ari da.

1948an OMErekin bat egin zuenean, Ameriketako Estatu Batuek "zenbait baldintza" ezarri zituzten handik erretiratzeko, besteak beste, urtebeteko aurretiazko jakinarazpena eta "bere finantza-betebeharrak guztiz betetzea", azaldu du Stéphane Dujarric Guterresen bozeramaileak. Neurria urtebete barru indarrean jartzeak, gainera, AEBen erretiratzea bertan behera geldi daitekeela esan nahi du, baldin eta Trumpek azaroko hauteskundeak galduko balitu eta ondorengoak hala erabakitzen badu.

"Orain egiten dena bertan behera gera daiteke datorren urtean, ez baita behin betikoa izango", esan dio NBEko diplomaziako kide batek CNN telebista kateari.

“Txinaren alde”

Apirilean, Trumpek aldi baterako izoztu zituen AEBek OMErentzat bideratzen dituzten funtsak, erakunde horri Txinaren alde lerratuta" egotea eta COVID-19aren osasun larrialdia “gaizki kudeatu izana” leporatu baitzion. Ordura arte, AEBak ziren OMEren emailerik handienak, eta urtean 400 eta 500 milioi dolar artean bideratzen ziren bertara, erakundearen aurrekontu osoaren %15, gutxi gorabehera.