argia.eus
INPRIMATU
AEB-Iran tentsioak dardarka jarri du Pertsiar Golkoa
  • Bestela ere oso barea ez zen giro baten erdian –Yemenen 2015ean hasitako gerra, santzioak eta petrolioaren itsas-komertzioan izaten ari den eragina, AEBetako gerra ontzi bat Pertsiar Golkora bidean–, Saudi Arabiako bi petrolio-ontzik Ormuzko itsasartean, Arabiar Emirerri Batuen kosta parean, erasoa jasan zuten joan den igandean. Gertakari horrek AEBen eta Iranen arteko tentsioa areagotu du eta “gerra” hitza mundu osoko hedabideetan agertzen hasi da.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 15a
Ormuzko itsasartean bi petrolio-ontzi saudiarabiarrek jasandako erasoa izan da Iran eta AEBen arteko tentsioa maila gorenera eraman duen gertakaria.

Saudi Arabiak dio bere barkuek kalte handiak jasan dituztela. Arabiar Emirerri Batuek diote erasoa bere uretan gertatu dela. Eta AEBen bi aliatuok ahotsa altxatzearekin bat, Iran jo-puntuan dago berriz ere.

Donald Trump AEBetako presidente denetik, herrialdea estu hartzea izan da bere atzerri politikaren gakoetako bat eta asteburuko gertakariek aitzakia ona eman diete norabide horretan koska bat gorago egiteko.

Riad-eko gobernuaren arabera, erasoa jasan zuten ontziek AEBetara petrolioa esportatu behar zuten eta igandeko gertakariak hori ezinezko egingo du. Joan den azaroan AEBek Irango petrolioari jarritako santzioen ondoren, erasoa Teherandik gidatutako mendeku gisa aurkeztu dute, nahiz eta astelehenean Iranek ukatu duen erasoarekin zerikusirik duenik.

Beste hari batzuk ere gurutzatzen dira Pertsiar Golkoan geroz eta nahasiagoa bihurtzen ari den matazan, Martin Chulov-ek The Guardian egunkarian esplikatzen duenez: Iranek mundu arabiarrean duen eragina, Israelen aurkako jarrera, eskualdearen ordena aldatzearen aurka egiteko adierazi duen asmoa, edo Siria eta Yemengo gerretan izandako influentzia, besteak beste.

Eta, nola ez, petrolioa. Trumpek Irango petrolioaren aurka hartutako neurriek tentsioa igoarazi zuten, baita iazko maiatzean Etxe Zuriko maizterra AEBen eta Iranen arteko akordio nuklearreko mahaitik altxa izanak ere. Geroztik Teheranek akordio horren baitan hartutako konpromisoei eutsi die. Joan den astera arte: akordioaren puntu batzuk ez zituela beteko adierazi zuen gobernuak eta ez zuela paktuaren bertsio berririk eztabaidatzeko asmorik.

Bien bitartean, AEBen santzioek Irango ekonomia gogor jo dute. Badirudi AEBek bide horri eusteaz gain, egoera mugara eramateko asmoa daukala. Astelehenean administrazio estatubatuarrak Iraken eta inguruko herrialdeetan bizi ziren herritarrei ohartarazpena egin zien. Arriskua azken 15 urteetan ezagutu gabekoa da.