argia.eus
INPRIMATU
AEB guztira hedatu dira manifestazioak eta istiluak
  • Larunbat gauean bigarren manifestari bat hil da, gutxienez. Istiluak izan dira dozenaka hiritan, eta ehunka pertsona atxilotu ditu poliziak. Armada ateratzeko Trumpen mehatxuak eta etxeratzeko aginduek ez dituzte George Floyd-en heriotza salatzeko mobilizazioak baretu.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 31
Argazkia: eitb.eus.

George Floyden heriotza salatzeko protestak areagotu egin dira larunbatean. Manifestazioak, adierazpenak eta istiluak AEB osora zabaldu dira. Polizia eta manifestarien arteko enfrentamenduak gertatu dira dozenaka hiritan. Istiluak Etxe Zuri pareraino edo Los Angeleseko Beverly Hills auzo diruduneraino ere heldu dira. Hainbat estatu eta hiritan etxeratze aginduak ezarri dituzte agintariek, baina herritarrak ez dira horiek errespetatzen ari eta debekatutako orduetan egin dituzte manifestazioak. Hamahiru estatutan atera da kalera Guardia Nazionala, eta Trumpek armada “oso azkar” aktibatu dezakeela egin du mehatxu.

Bigarren hildako bat, gutxienez

Ostiralean Detroiten 19 urteko manifestaria hil ondoren, larunbatean heriotza berri bat bat izan da, gutxienez. Indianapolisen pertsona bat hil da tirokatuta eta beste bi behintzat balaz zauritu dituzte. Poliziaren arabera manifestazio batetik gertu izan da tiroketa, baina ez da ziurra protestekin lotura duenik. Redfish hedabidearen arabera, lau egunetan zortzi lagun hil dira dira protestekin erlazionatuta.

Polizia oldarkorrago

Poliziak ehunka pertsona atxilotu du lurralde osoan –1.500etik gora lau egunetan, Redfish-en arabera–. Manifestarien aurkako bortizkeria erakusten duten irudiak zabaldu dira estatu ugaritan. Kazetarien aurkako hainbat polizia eraso ere salatu dituzte. Entzutetsuenetarikoa CNNko kazetari taldearen atxiloketa izan da, baina gehiago ere izan dira. EFE agentziak jakinarazi du bere kazetarien aurka egin duela poliziak Minneapolisen. Linda Tirado argazkilariak berriz, begi bateko ikusmena galdu du poliziaren pinturazko bala baten ondorioz.

AEBetako Amnesty Internationalek (AI) adierazi du polizia protesten aurka gehiegizko biolentzia erabiltzen ari dela. Jarrera arrazistak izatea ere leporatu dio poliziari: “Protesta baketsurako eskubidea errespetatzeko eta errazteko duen eginbeharra ez da betetzen ari Polizia, egoera tenkatuz eta manifestarien bizitza arriskuan jarriz". AIk Trump presidenteari eskatu dio orain arteko jarrera “biolentoa eta baztertzailea” albora dezala.