Ukrainako gerra hasi zenetik, bi potentziak ez dira mahai beraren bueltan eseri. Negoziatu egingo dute nola amaitu gatazka belikoa. Ukrainako presidenteak, ordea, esan du ez duela mahai horretan adosten den ezer onartuko, bera ez baitute gonbidatu.
Donald Trumpek hitzeman zuen Ukrainako gerra amaiarazi zuela, "agintea hartu eta lehen egunean", eta oraindik halakorik gertatu ez bada ere, AEBetako presidente berria lanean ipini da. Aurreko asteazkenean ordu eta erdiko telefono deia izan zuten Trumpek eta Putinek, "tonu adeitsuan" Etxe Zuriaren arabera, eta biak ados agertu ziren, antza, Ukrainako gerra "lehenbailehen" amaitzeko. Behin Putinekin hori hitz egindakoan hots egin zion Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri, lehenarekin izandako solasaren berri emateko, bigarrenari maniobrarako astirik eman gabe. Keinu horrek bistaratu zuen AEBetako administrazio berriak ez diola aurrekoaren atzerri politikari eutsiko.
NATOko agintariek Segurtasun Biltzarra egin dute asteburuan Alemanian, Munichen, eta han ere mezu argia eman dute AEBek: ez dute onartuko Ukraina NATOn sartzea –Joe Bidenek atea irekia zion horri–, eta balitekeela AEBek Errusiarekin izango duten negoziazio mahaian ez ipintzea erdigunean ukrainarrentzat garrantzitsuak izan daitezkeen hainbat neurri. Atsekabea Europarentzat –Europak 133.000 milioi euro eman dizkio Ukrainari, AEBek baino gehiago–, baina bereziki iragarpen desatsegina Ukrainarentzat.
Testuinguru honetan, asteartean batzartuko dira Saudi Arabian AEBetako eta Errusiako ordezkariak. Alde banatan hiruna ordezkari eseriko dira: AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio, Segurtasun Nazionaleko aholkulari Michael Waltz eta Ekialde Hurbilerako bidali berezi Steve Witkopp; eta Errusiako Atzerri ministro Sergey Lavrov, haren aholkulari Yuri Ushakov eta Errusiaren funts subiranoko buru Kirill Dmitriev.
Ez dute eragile gehiagorik gonbidatu, eta ez du momentuz halakorik egingo. Ukraina eta Errusia ez dituzte parez pare ipiniko, eta Europak toki bat eskatu du mahai horretan, baina ez diote emango. Lehen-lehenik, ez dutelako nahi; Lavrov errusiarrari hala irakurri diogu: "Ez dut ulertzen zertarako gonbidatu behar ditugun. Gatazka izoztu nahiko dute atzeko atetik, ohitura eta izaera aldetik gerrarekin segitzeko asmoa dutelako, interesatzen zaielako".
Badute Europa ez gonbidatzeko beste motibo bat ere: Europak ez du iritzi bakar bat, ezta gutxiago ere.
Europa: mugak bezainbat iritzi
Parisko Eliseo jauregian "ezohiko eta urgentziazko bilera informala" deitu zuen Frantziak astelehenerako, eta Europako zazpi estatu gehiagotako ordezkariak bertaratu ziren, baita Europako Batzordeko, Europar Kontseiluko eta NATOko delegazioak ere.
Bakoitzak bere postura defendatu arren, akordio orokor honetara heldu ziren: "defentsa bateratua indartu", Ukrainaz harago, herrialde bakoitzak bere gastu militarra igota. Baina desadostasunak daude: estatu batzuk, tartean Espainia, BPGaren %2ko langara ez dira heldu, NATOk helburutzat %3 dauka eta AEBek gutxienez %3,5 eskatzen dute, baita %5 ere. Elkar presionatzen ari dira auzi horrekin: esaterako, El País-ek kontatzen duen moduan, 2029an helduko litzateke Espainia gastu militarra BPGaren %2 izatera, eta 36.000 milioi euro xahutu beharko lituzke horretan.
Dena dela, eta Ukrainara begira, erabaki gabe dagoena da ea bake ezartzeko tropak bidaliko dituzten Ukrainara edo ez. Nazio Batuen Erakundearen txapel urdinak bidaltzea da aukeretako bat, baina NBE ez zuten gonbidatu bilerara.
Datua: munduko arma industriak %7,4 egin du gora 2023tik 2024ra
Erresuma Batuak, bere aldetik, Ukraina armaz hornitzen jarraitzea aurreikusten du, gutxienez 2030era arte, armagintza industrian inbertsio handiak egin dituela aintzat hartuta; eta Alemaniak, berriz, igande honetan hauteskundeen atarian eta itxura guztien arabera sozialdemokratek agintea galduko dutenaren ingurumarian, Alemaniako iritzi publikoaren kontrara, esan du goizegi dela bakeaz hitz egiteko eta Ukraina gonbidatzen ez duen Errusiarekin ezin dela bakerik espero.