argia.eus
INPRIMATU
Lagunak ere espiatzen dituzte AEBek
  • AEBetako NSA segurtasun agentziak 35 estatu- eta gobernu-bururen 200 telefono zenbaki kontrolatu zituen, The Guardian egunkariak argitaratu duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko urriaren 25
Frantzia eta Alemania kritiko agertu dira AEBekin (Argazkia: News.com.au)

AEBek kontrolatutakoen zerrendan zein goi-kargu ageri diren ez da azaleratu oraindik, haietako bat Alemaniako kantzilier Angela Merkel dela ziurtzat ematen den arren.

Edward Snowden NSAko agente ohiak filtratutako dokumentuetan ageri dira datu horiek. AEBen aliatuek azalpenak eskatu dizkiote Obamaren gobernuari; ez soilik Alemaniak, baita François Hollande Frantziako presidenteak eta atzo Bruselan bildutako Europako presidente eta lehen ministro gehienek ere. "Lagunak espiatzea guztiz onartezina da", adierazi du Merkelek.

El País-en arabera, filtratutako dokumentua ezagutzen duten iturriek diote Espainiako Gobernuko kideak ere espiatu dituztela. Horren frogarik ez duela esan du Espainiak, baina Atzerri ministerioak James Costos AEBetako enbaxadorearekin biltzeko asmoa agertu du, beldur baita Mariano Rajoy edota Jose Luis Rodriguez Zapatero ere ez ote dituzten kontrolatu.

Europar agintari batzuk ez dira azalpenak eskatzetik harago joan. Beste batzuek, ordea, neurri zehatzak eskatu dituzte: merkatu libreari buruzko negoziazioak bertan behera uztea, esaterako.

Claudi Perez eta Lucia Abellan El País egunkariko kazetariek diotenez, espioitza kasuek "erpin interesgarriak" dituzte: "Nagusiena, AEBei eskatu beharreko azalpenak. Orain arte iheskor agertu da. Washingtonen aurka herrialde bakoitzak zein indarrekin egin dezakeen da gakoa: Europak [ente bakar moduan], ez du eskumenik segurtasun nazional eta inteligentzia kontuetan. Horregatik, Washingtonek, Estatuak besterik ez ditu onartzen solaskide bezala. Europaren posizioa ahultzen du horrek".

Gertatutakoak hankaz gora jarri ditu harreman diplomatikoak, bi kazetarien hitzetan: "Asteartean, Europako Parlamentuak eskatu zuen AEBekin indarrean dagoen banku-transferentzien datuei buruzko akordioa baliogabetzeko. Gai sentikorra da Washingtonentzat, terrorismoaren aurka borrokatzeko informazioa eskura dezakeelako akordio horri esker. Era berean, beste akordio handi bat bertan behera uztea aztertzen ari da Batzordea: Safe harbor izenekoa. Horri esker, AEBetako 3.000 enpresak europarren datuetara sartzeko modua dute.