argia.eus
INPRIMATU
AEB: 100 biztanleko 88 arma
  • “Lagun bat duzu Etxe Zurian”. Hitz horiekin agurtu zuen Donald Trump AEBetako presidenteak Erriflearen Elkarte Nazionala (NRA, ingelesezko siglekin) presidentetzara iritsi zenean. Gauza jakina da AEBetan armen industriak duen indarra. Munduan biztanleko arma gehien dituen estatua da, besteak beste.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 05

Aurreko igandean, 59 hildako eta 500 zauritutik gora utzi zituen Las Vegas hirian izandako atentatuak. Erasoa suzko arma baten bidez egin zuen erasotzaileak, antza denez, denda batean erositako legezko arma baten bidez. Atentatua dela eta, armen kontrolaren gaia berriz ere mahai gainean jarri dute zenbait sektorek. Hemen datu batzuk:

Nazio Batuen Erakundeak 2012an kaleratutako ikerketa baten arabera, AEBetan 100 pertsonako 88 suzko arma dituzte bataz beste. Munduan, biztanleko arma gehien dituen estatua da. Yemen da zerrendan bigarrena, 100 pertsonako bataz beste 54,8 arma dituztelarik.

Munduko biztanleen %5ek etxean armaren bat du. Ehuneko bost horietako %35-%50 artean Estatu Batuarrak dira, “Small Arms Survey”-k 2007an kaleratutako ikerketa baten arabera.

Urtero 30.000 herritar hiltzen dira AEBetan suzko armen ondorioz eta horietako bi herenak beren buruaz beste eginda. Aldi berean, urtero 100.000 pertsona inguru zauritzen dira armengatik, Health Affairs aldizkariaren esanetan.