Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.
“Emakume bertsolarien esperientziatik eta esperientziez” sortu da Ño! Komikia, bertso-saioetan gertatzen diren hamar egoera aurkeztuz marrazki eta hitz bidez (baina ez bertsotan). Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zuten lana egileek, ekainean, eta ostegunean Hernanin ekimen berezia inauguratuko dute.
Gartziandiaren marrazki originalekin erakusketa jarriko dute Kulturarteko Plaza Feministaren erdiko areto nagusietako hormetan, lan prozesu osoa irudikatzeko, eta ostegunean arratsaldeko 18:00etan egingo dute irekiera ekitaldia. Pagola eta Artetxe irudiz irudi mugituko dira zeintzuk egoera azaltzen dituzten partekatzeko bertaratzen diren lagunekin. Solasaldia amaituta sabela gozatzekoak aterako dituzte, eta ilustrazioen laminak banatuko dira. Erakusketa ikusgai egongo da urriaren 27ra arte.
Iruñeko Laban, urriaren 5ean
Aste bat beranduago Iruñeko Laban aurkeztuko dute Ño! hiru egileek. Euskalgintzaren plaza den Laban, Pagolak, Artetxek eta Gartziandiak Irati Majuelo bertsolaria izango dute alboan aurkezpena gidatzen galderen bitartez, eta proiektatutako irudiak lagun.