argia.eus
INPRIMATU
‘Adur’ aurkeztuko dute ostiralean, Erdi Aroan kokaturiko euskarazko rol jokoa
  • Euskarazko rol jokoak ez dira asko. Euskaraz aritu nahi duten jokalariak badira, ordea. Eneko Azedo da horietako bat. Jokalaria ez ezik, ‘Adur’-en sortzailea ere bada, euskal mitologiako pertsonaiak ardatz dituen jokoarena eta haren liburuarena. Ostiralean aurkeztuko dute, Twitch-eko ‘River Rock’ kanalean, 22:00etan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko maiatzaren 20a

Hiru eta sei lagunen artean jolas daiteke, online ere bai. Euskal Herriko Erdi Aroan girotua, laminak, Mari, jentilak... gorpuztuko dituzte jokalariek, bidean aurkituko dituzten erronkak gainditzea helburu. Adituek zein hasiberriek jolasteko modukoa da.

Helburua da, batetik, rol jokoetan euskaraz aritzea; eta bestetik, historia eta mitologiari buruzkoak “era dibertigarriago batean ikastea”, Azedok dioenez, Berria-ko kazetari Ane Insaustik egindako elkarrizketan. “Historia testuliburuen bidez ikastera ohituta gaude, zerbait estatikoa da; eta, jokoaren bidez, mundu horretan sartu eta bizi egiten duzu garai hartako egoera”.

Jokoa, 1990. hamarkadakoa

Adur jokoak 1990. hamarkadan ditu erroak. Orduan sortu zuen Azedok, lagunekin aritzeko: “Garai hartan, rol jokoak ez ziren oso ezagunak, oso jende gutxi ibiltzen ginen jolasean. Azkenaldian, jendea rol jokoak ezagutzen hasi da, zabaltzen ari dira, eta ni aspaldian asmatutako jokoa idaztera animatu naiz”, dio, liburua hizpide.

Geroz eta gehiago dira rol jokoetan euskaraz aritzen direnak. Horren erakusgarri da, esaterako, 40 bat lagun biltzen dituen @rolariak Telegram kanala, eta iaz antolatu zuten Rolaldia, 80-100 lagun bildu zituena.

Finantzaketa kanpaina

Maiatzaren amaiera aldean, finantzaketa kolektiboko kanpaina abiatuko dute Itsulapikoa.eus plataforman, eta jendea animatu nahi du ekarpena egitera: Ekarpena egiten dutenek jokoaren ale bat jasoko dute trukean.