argia.eus
INPRIMATU
Adrian Zelaia: “Krisia ez dago lotuta eredu kooperatiboarekin”
  • Fagor Etxetresnetan gertatu denaz Adrian Zelaiak hainbat iritzi eman ditu Goienari eskainitako elkarrizketan. Ekai Center ikerkuntza zentroko kide eta Europar Batasuneko Industria Eraldaketarako Aholku Batzordeko kide da Zelaia. Urte luzez, halaber, Mondragon Korporazioko zuzendaritza taldeko kidea ere izan zen.

Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko urriaren 17a
Adrian Zelaia, Ekai Centerreko kidea (argazkia: Unibertsitatea.net).

Fagor Etxetresnen jarraipenaz. “Kontua da Fagorren negozioa zatitzea eta jarduera batzuk bideragarriak egitea. Egin diren planteamendu eta azterketetan esan da baietz: negozio batzuk bideragarriak direla. Hori horrela bada objektiboki, bigarren erronka da hartzekodunak konbentzitzea hobe dela negozio horien bideragarritasuna ailegatzea, akordio on batera ailegatuz, ezer ere ez lortu baino”.

Langileen birkokapenaz Kooperatiba Taldean. “1.700 badira oso zaila izango da, 200 badira oso erraza, eta tarteko aukera guztiak egongo dira. Klabea da akordio horretan zer lortzen den eta ze enpresa eredu ateratzen den negoziazio horretatik”.

Egoeraren arrazoiak. “Faktore eta bertsio oso desberdinak egon daitezke. Zuhurrak izan behar gara. Enpresa bat gestionatzea beti da zaila eta enpresa industrial bat gestionatzea oraindik ere zailagoa. Errespetuz begiratu behar dira gauzak. Bakoitzak bere teoriak izango ditu eta oso erraza da gauza bati edo beste bati leporatzea”.

“Nik uste dut operazio konkretu bat kritikatu aurretik eta modu positiboan planteatuta, eta ikusita oro har Euskal Herriko egitura industrialean gertatutakoa, badagoela arazo bat prestakuntza eta teknologia behar den baino gutxiago baloratzeagatik”.

Mondragón Korporazioarekiko eragina. “Sinbolikoki oso inportantea da, lehen kooperatiba sortzailea izan zen taldean, oso gauza gogorra izan behar da sortzaileentzat: Ormaetxea, Gorroñogoitia… baina egia da denborarekin Fagor Etxetresnak joan dela galtzen pisu proportzionala taldean. Bestalde, krisia ez dago lotuta eredu kooperatiboarekin. Hori oso inportantea da aurrera begira, eredua bera krisian ez jartzeko.”

“Oso inportantea da gogoratzea talde honen egituran kooperatibak independenteak direla, bakoitzak bere arriskuak asumitzen dituela eta kontratuak egiten direla arrisku batzuk, baliabide batzuk eta fondo batzuk amankomunean jartzeko. Printzipioz, hartzen diren arrisku zuzenak horiek dira”.

“Arazoa urrundik etorrita, seguru aski eman diren laguntzak oso neurtutakoak izan dira. Jakinekoak ziren ze arrisku zeuden horren atzean. Beraz, elkartasun erabakiak neurtutakoak izan badira, domino efektu hori taldean bertan gertatzeko nahiko mugatua izan behar dela uste dut”.

Elkartasuna. “Argi dago hemen erabiltzen diren elkartasun tresnak ez direla erabiltzen beste lekuetan. Hori ez du inork zalantzan jartzen. Pertsona zein kooperatiben arteko elkartasun maila handiagoa da hemen. Denok dakigu elkartasuna tresna bat dela elkarrekin proiektu batzuk aurrera eramateko, baina ez da ezer magikoa. Hau da, elkartasuna tresna organizatibo bat da, baina bere mugak ditu. Elkartasun maila handiegia txarra da. Zer da handiegia? Kasu konkretuetan aztertu behar da, numeroen arabera. Konkretuki orain hartu diren edo hartu ez diren erabakietan kontuz ibili behar da. Ezin da esan laguntza bideratu ez delako ez dagoela elkartasunik eta alderantziz”.