Adostutako erreferendum ofizial bat eginez gero, herritarren gehiengoak euskal estatuaren alde egingo luke, Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza laborategiaren eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen arabera. Bi erakundeek ostegunean aurkeztu duten lehenbiziko Naziometroaren emaitzetan esanguratsuenetakoa da hori. Naziometroak, “euskal burujabetzaren barometroak”, segida izango du, eta bere helburua independentismoaren zein unionismoaren nahien eta arrazoien zehaztapenak ematea da, besteak beste.
Ostegun goizean aurkeztu dira Bergarako Olaso Dorrean Naziometroa “burujabetzaren barometroaren” lehenbiziko ikerketaren emaitzak. 2020ko azaroan egindako neurketen ondorioak dira laburbildu dituztenak. 1.289 pertsonari egin diete 67 itemeko galdera sorta: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 629ri; Nafarroa Garaiko 420ri; eta Euskal Hirigune Elkargoko 240ri. 65 urtetik beherako herritarrek on-line erantzun dute inkesta, eta goragokoek telefono bidez. Hona datu adierazgarrienetako batzuk:
“Autodeterminazio erreferendum adostu eta ofizial baten testuinguruan nagusi dira Euskal Estatuaren alde agertzen direnak (%42,5)”. Euskal Herriko indar politiko guztien “edo gehienen” artean adostutako eta Frantziako eta Espainiako Estatuek onartuko luketen erreferendum batengatik galdetu zaie herritarrei. Alde bozkatuko luke herritarren %42,5, aurka %31.5, abstenitu egingo litzateke %12,5a.
“Euskal Estatuak politika sozial ekonomiko edo generokoak hobetuko balitu aldeko posizioak handitu egiten dira”. Ikerketaren arabera, euskal estatuaren alde egingo ez luketenen artean, aldekotasunak nabarmen egingo luke gora politika sozialak areagotuz gero (%40), genero politiketan sakonduz gero (%37), estatu berriak “egoera ekonomiko hobea” ekarriz gero (%33), eta Europar Batasunaren barruan kokatuko balitz estatu berria (%33).
“Herritarren gehiengoak (%63) bere etorkizun politikoaz erabaki nahiko luke”. Lurraldetasunaren korapiloetako batzuk ageri dira arlo honen emaitzetan edonola dela. Herritarrei nor bere administrazio eremuak erabaki eskubidea izan beharko lukeen galdetuta, emaitzak antzekoak dira: EAEko herritarren %64a, Nafarroa Garaikoen %63a eta Ipar Euskal Herrikoen %58a eman dute aldeko erantzuna.
“Pandemia dela eta Udaletxeak dira hobekien baloratuak”, herritarren %42,6 dago udalen kudeaketaren “oso edo nahiko pozik”, ikerketaren arabera. Ia emaitza berbera ematen diete herritarrek erkidegoetako gobernuei (%41,6); aldundiekin pozik agertzen direnak %34,3 dira; Europa Batasunarekin %30,7; eta azkenik Frantzia eta Espainiako Gobernuekin %23,8a.
Naziometroa: herritarren iritzia ezagutzeko lanabesa
Naziometroa Olaso Dorrea Fundazioaren Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza laborategiaren eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen elkarlanaren fruitua da, Olaso Dorrea Fundazioak eta EHUk lankidetza hitzarmen bat sinatu eta gero. Naziometroaren esanetan, burujabetzaren gaia “politikaren erdian” dago egun, baina, “ez dago oso argi burujabetza, autogobernua, independentzia eta horiek zeharkatu ditzaketen gaien inguruko herritarren iritzia zein den”. Iritzi horiek ezagutaraztea da Naziometroaren helburu nagusietakoa, maila nazionalean lan eginez, eta aldizkako ikerketak plazaratuz. Asier Etxenike, Arkaitz Fullaondo, Igor Ortega, Iduzki Soubelet, Carlos Vilches eta Julen Zabalo soziologoak dira Naziometroko Batzorde Zientifikoa osatzen duten pertsonak.