Bigarrenez jo dugu Osakidetzako familia medikuarengana. Atzoko kontsultan, pandemiaren kudeaketak Lehen Mailako Arretan sorrarazitako sintomak aztertu zituen eta gaur, aldiz, osasun publikoak kronifikatuta dituen gaitzen analisiak azaldu dizkigu.
“Osasun publikoak duen erronka nagusia, gizartearen bilakaera da. Zahartzen ari den gizartea da Euskal Herrikoa” hasi da medikua: “Horrek dakar esponentzialki biderkatzen direla gaixotasunen eta osasun beharren kopuruak. Hipertentsio arteriala 50-60 urtetik aurrera hasten da agertzen, minbiziak batez ere 50-60 urtetik aurrera... Beraz, lehen hainbat pertsona baldin bagenituen mokorreko artrosiarekin ebakuntza behar dutenak, orain bost bider gehiago dira. Berdin bihotzeko eritasunekin... Ez dira halamoduko arazoak, hilgarriak dira, mugatzaileak eta askotan osasun arreta konplexua eskatzen dutenak eta horrek medikuen egunerokoan lan gehiago dakar. Edo berdin etxetik irten ezinda dauden gaixo kronikoekin: gero eta gehiago daude eta adibidez analisiak egiteko erizainek odola ateratzera joan behar badute etxeetara, gero eta denbora gehiago behar dute etxez etxe. Mediku eta erizainen lankarga biderkatzen ari da gizartearen zahartze prozesuagatik. Hori erronka handia da”.
Familia mediku honek azaldu digunez, azken urteetako gaitza da osasun publikoan giza baliabideen falta: “Esaten da Espainiako estatua (eta Hego Euskal Herria bere barnean) dela biztanleko erizain gutxien duen herrialdea Europan, askoz erizain gehiago behar ditugula. Horietako asko kanpoan daude: Katalunian, Mallorcan, Frantzian... Hemen lan baldintzak oso petralak izan direlako. Eta behar beste medikurik ere ez dago eta daudenak zaharrak dira, medikuen bataz-besteko adina 55-58 urtekoa izango da. Pentsa, urtero 300 inguru mediku erretiratzen dira”.
Baina argi esan du: “Erizain eta mediku gabezia horri aurre egitea erraza da, borondatea badago. Unibertsitatean hasten da osasun langileon ibilbidea; beraz, igo unibertsitatean ikasteko plazen kopurua. Bigarrenik, medikuok karrera amaitzen dugunean MIR azterketa egin behar dugu espezialitatea hautatzeko eta hori Madrilek kudeatzen du. Madrilen negoziatzen dira espezialitateak egiteko plazak edo lanpostuak, Abiadura Handiko Trena negoziatzen den bezala. Hau da, zer behar du EAEk edo zer behar du Nafarroak? Behar hori plazaratu eta horren arabera hainbesteko MIR plazak ateratzea negoziatu behar da, handik hiru-lau urtera eduki ditzagun nahi ditugun espezialistak. Baina azken urteetan hori modu kaotikoan egin da eta ez da benetako plangintzarik egon. Ondorioz, gero eta espezialista gutxiago dauzkagu”.
Askotan entzun dugu ez dagoela medikurik eta erizainik kontratatzeko: “Noski, gaur bertan, abenduaren 16an, agian ez. Baina aurrekontuak adostu dira Madrilen, ezta? Bada adosteko gai bat izan zitekeen datorren maiatzerako sartuko diren MIR hautagai horiek, adibidez, 400 beharrean izan daitezela 600, eta horrela beste 200 mediku gehiago egongo dira lanean datorren urtean. Hori bezain erraza da”.
Pandemiaren aurretik ere eskas baziren osasun publikoko langile kopuruak, pandemian ezarri duten kudeaketak osasun langileak txikitu egin ditu, fisikoki eta batez ere, psikologikoki. “Mediku eta erizain asko bajan daude, bai lan-kargek eta bai kezkek eta ardurek izugarrizko ondorioak ekarri dituzte”. Pandemiak osasun langileentzat zekarren lan-kargaren aurrean, epe ertain-luzean iraun ahal izateko moduko lan antolaketak, atsedenak, oporraldiak eta bestelako zaintza bideak aurreikusi beharrean, hauek denak gabe utzi dituzte “urgentziaren” izenean, lanaldi kilometrikoetan, txalo artean heroi bihurtuta. Urteetan luzatzen ari den lan egoera zail horren ondorioak gero eta larriagoak izango dira, medikuak azaldu duenez: “Une honetan Osakidetzako langileon osasun mentala oso kaltetuta dago. Jota daude langile asko eta asko, arreta psikiatrikoarekin”.