argia.eus
INPRIMATU
Adostasunik ez Europar Batasunean koronabirusaren krisiari aurre egiteko
  • Akordiorik gabe amaitu da euroguneko ekonomia ministroen bilera. Hamasei orduz negoziatu ostean, erabaki dute ostegunean beste bilera bat egitea. Helburua: Covid-19ak eragindako inpaktuari aurre egiteko neurri ekonomikoak adostea.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 08a
Eurotaldeko presidente Mário Centeno joan den larunbatean prentsaren aurrean.

Eurotaldeko presidente Mário Centenok Twitter bidez jakinarazi du albistea: “16 ordu iraun duten eztabaiden ondoren, akordio batera hurbildu gara, baina ez gara iritsi. Eurotaldea eten dut eta bihar, ostegunean, jarraituko dugu”.

Centenok gaineratu duenez, “helburu bera” edukiko du osteguneko bilerak ere: Europar Batasunarentzat sare indartsu bat osatzea, Covid-19ak eragindako kalteei aurre egin ahal izateko. Langileak, enpresak eta herrialdeak babesteaz hitz egin du portugaldarrak, baita ekonomia hobetzeko plan handi bat martxan jartzeaz ere.

Itxura guztien arabera, Herbehereek eta Italiak negoziazioetan jarritako marra gorriak dira auziaren iltzea: Italiak, koronabirusak Europan gehien kolpatu duen herrialdeetako bat, ez du Europar Batasunaren Mede erreskate funtsera jo nahi krisi honen ondorioei aurre egiteko, are gutxiago jakinik kreditu horiek eskura eduki ahal izateko baldintza fiskalak izango direla.

Herbehereek berriz, ez dute ezer jakin nahi hegoaldeko Europako beste herrialde batzuek ere eskatzen dituzten Eurobonoen emisioaz.

2007-2008ko krisi ekonomikoaren ondoren bezala, badirudi bi abiaduratako Europar Batasuna marrazten ari dela Covid-19aren ondoren ere: egoerari aurre egiteko baldintza estuak ezarri nahi dituzte iparraldeko zenbait estatuk –Alemania ere Eurobonoen aurka agertu da orain arte– eta hegoaldekoek berriz, egoerak eragingo dituen premia ekonomikoak Batasuneko kide diren estatu guztien artean mutualizatu nahi dituzte.

Europar Batasunaren beraren rola auzitan jarri duen krisi honen hurrengo kapitulua, ostegun honetan.