Mobilizazio handi bat iragartzeko baliatu du GuraSOSek larunbat eguerdi honetan Donostiako Paseo Berriko Oteizaren eskultura parean deitua zuen agerraldia. Otsailaren 23an manifestazio handi bat iragarri du Gipuzkoako hiriburuan. 17:00etan Antiguako tuneletik abiatuko da, “Esan baietz adostasunari” aldarripean.
“Hondakinen kudeaketa eredua baino askoz gehiago dugu jokoan otsailaren 23an. Gizarte eredua dugu jokoan, demokraziaren kalitatea, duintasuna eta gizarte bezala dugun etorkizuna. Horregatik denok esan baietz XXI. mendeko Gipuzkoako demokraziari”. Gizarteko sektore guztiak, gipuzkoar guztiak deitu dituzte manifestaziora. Herritarra erdigunean jarri, eta kezkatzen duten gaien bueltan, benetako informazioa helarazi, hitza hartu, benetako parte hartzea bultzatu, eta elkarrizketaren bidetik adostasunera heltzea eskatuko da; hitz gutxitan, demokrazia osasuntsuagoa izatea aldarrikatuko dute gipuzkoarrek, otsailaren 23an Donostian.
Herritarrak, elkarrizketa, adostasuna
Gipuzkoako Foru Aldundiari, Batzar Nagusiei eta eragile politiko guztiei hainbat eskaera luzatu dizkiete. Gizartea ez dezatela erabili ezta baztertu ere. Parte hartze nahiz erabakitze eskubidea nahi dutenean bakarrik ez dezatela erabili. “Gizarteari eta herritarroi begirunea, errespetua izateko, dagokigun duintasuna aintzakotzat hartzeko” eskatu du GuraSOSek.
Interes guztien gainetik, erdigunean herritarrak jartzea galdegin diete agintari politikoei. Herritarrekin elkarlanean aritzea. “Erabaki ezazue, gatazka edo elkarrekin adostasun bila ibiltzea”.
Geroz eta arduratsuagoa, kezkatuagoa ageri den gizarteari “leku bat egin behar diozue” adibide gisara aipatu dituzten hainbat gaien bueltan; ingurumena, etxebizitza, pentsioak, osasuna, heziketa, berdintasuna… “Gai hauen guztien aurrean gure lekua izan nahi dugu, gure kezka azaldu eta elkarrizketaren bitartez akordioak lortu”, adierazi du GuraSOSek.
Gizarteari eragiten dioten gaietan “parte hartze zuzena eta aktiboa izan nahi dugu”, adierazi dute. Eta benetan parte hartu ahal izateko, “benetako informazioa eta aukerak jarri behar dira mahai gainean”.
Bilera astelehenean
Otsailaren 23ko manifestazioaren berri emateko agerraldi berean, beste iragarpen bat egin du GuraSOSek. Astelexen honetan (urtarrilak 28) Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariari bilduko dira. “Hor gure proposamena argi eta garbi azalduko diogu. Aprobetxatu esateko Markel Olano jaunari eskua erabili daitekeela pultsoa botatzeko gizarteari edo eskua erabili daitekeela baita ere bostekoa emateko gizarteari eta jendarteari”.
Albiste hau Noauatik hartu dugu eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.