argia.eus
INPRIMATU
Adostasuna hobetsi da Euskaltzaindian
  • Euskaltzaindiko zuzendaritzak eta Gramatika Batzordeak adostasuna lortu dute azkenean: Batzordeak aurreko gramatika eguneratuko du, eta beste talde baten esku geldituko da “lan didaktiko” bat egitea.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 05
Lan batzuen lehentasunen inguruko eztabaidekin hasi ziren, aurreko urteko udazkenean, gaur arte luzatu diren eztabaidak. (Arg: Sustatu)

Lan batzuen lehentasunen inguruko eztabaidekin hasi ziren, iazko udazkenean, gaur arte luzatu diren ika-mikak. Euskaltzaindia barruko ezadostasun horiek Gramatika Batzordeak dimisioa aurkeztea ere eragin zuen abenduan.

Istiluen nondik-norakoak

Euskaltzain batek gramatika labur eta "erabilgarriago" bat egitea proposatu zuen, eta proposamenak Batzordeak baino boto gehiago lortu zuen Osoko Bilkuran. Gramatika Batzordeari ez zitzaion gustatu lanketa horretatik kanpo gelditu izana, eta taldearengan konfiantza galdu izana leporatu zion zuzendaritzari.

Pello Salaburu Gramatika Batzordearen arduradunak argitu zuen haiek aurretik laburbilduma bat aurkeztu zutela, eta zuzendaritzak baztertu, gramatika laburtu ezin zitekeelakoan.

Baretu dira haserreak

Otsailean Zuzendaritza eta Gramatika Batzordea hainbatetan bildu dira, azkenean akordio bat lortu duten arte: Gramatika Batzordeak Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak lana moldatuko du, zazpi alez osatuta egotetik liburu bat edo bitan laburtuko dute, eta beste laburpen are motzago bat egitea ere Batzordearen esku geldituko da.

Bestalde, Euskaltzaindiko zuzendaritzak behin-behinean Euskara Batuaren Eskuliburua izena jarri dioten lana abiarazi du. Beste talde bati, “Batzorde ahaldundu suntsikor bati”, egokituko zaio Euskaltzaindiaren irizpide eta arauak jasoko dituen liburu hori osatzea.

Lortutako adostasunaren baldintzak akademiaren webgunean irakur daitezke: “Euskaltzaindiaren osoko bilkurak Baionan irekitako gogoeta-aldiak orain arte emandakoak”.