argia.eus
INPRIMATU
Ados Pilota klubaren Binakakoa, ETBren programaziotik at
  • Ados Pilota klubak salatu du ETBk ez duela larunbatean abiatuko den Binakako Txapelketaren partidarik emango eta, ondorioz, Eusko Labelek ez duela txapelketa babestuko.

Jon Torner Zabala @jtorner 2022ko abenduaren 15
Etxekolonea-Oses (gorriz) eta Barrocal-Agirre (urdinez) bikoteen arteko partida, iazko abuztuan Lekoran. Argazkia: Eduardo Agirre / Instagram Ados Pilota.

2021eko maiatzean sortu zen Ados, “emakume pilotariei profesionaltasunaren ateak irekitzeko asmoz”, klubeko kideek azaldu dutenez. Urte eta erdiko ibilbidean 150 partida baino gehiago antolatu eta jokatu dituzte, eta horietatik, iaz antolatu zuten Eusko Label binakako txapelketaren finala izan da EITBk telebistaz eman duen bakarra. “Aurtengo irailean EITBri berriz ere gure proiektua aurkeztu eta babes hori handitzeko eskatu genion, gure partida gehiago telebistaz ematea posible oste zen galdeginez”, diote Ados klubeko kideek, sare sozialetan plazaratutako oharrean. “Gure harridurarako eta hiru hilabete geroago iaz eskaini ziguten partida bakar hori ere ez ematea erabaki dutela adierazi digute. Hori gutxi ez eta erabaki horrek bigarren binakako txapelketa honetarako ere lotuta genuen Eusko Labelen babesa bertan behera geratzea ekarri du”.

“Injustizia honen aurrean”, klubak adierazi du “justifika ezina eta lotsagarria” dela urtean zehar 150 partida antolatzen dituen emakume pilotari profesionalen elkarteari “modu honetan bizkarra ematea. Are gehiago, emakumeak burujabetzan sortutako elkarte bati oztopoak jartzea, erakunde gehienek emakume pilotaren kontura aberasten direnei alfonbra gorria jartzen dieten bitartean”.

Gaineratu dute, oztopoak oztopo, borrokan jarraituko dutela “emakume pilotariok merezi eta nahi dugun etorkizuna erabakitzeko”. Halaber, herritarrei babesa eskatu diete ‘olatu berdea’-rekin bat egin eta “bulegoetan kendu digutena elkartasun olatu bihurtzeko”.

Hainbat kirolarik eta kultur eragilek jada erakutsi dio sostengua Ados klubari.

Julen Etxeberria kazetariak Iera Agirre pilotariaren hitzak jaso ditu Berria egunkarian: "Kolpe handia izan da ETBk partidarik ez ematea, eta, horren ondorioz, Eusko Labelek babesle izateari uztea".

"Gu gara pilotariei denboraldi oso bateko kontratu profesionalak eskaintzen dizkien klub bakarra, eta hori kontuan hartzekoa da, inoiz ez baita halakorik egon", dio Agirrek. Eta gaineratu: "Esan ziguten arrazoia zela Emakume Master Cupek eta guk eduki bera eskaintzen dugula, eta ezin dela eduki bera bi aldiz eman. Guk erantzun genien gizonezkoetan egin izan dutela: adibidez, Diario Vasco eta Olazar torneoetako finalak". Alferrik, ordea: "Azaldu digute hiru urterako kontratua sinatu zutela Emakume Master Cupekin, eta oraindik beste urtebete falta zaiela betetzeko. Argi utzi diegu bidegabea dela, are gehiago haiek badakitelako Eusko Labelen baiezkoa genuela, eta derrigorrez telebista izan behar genuela harekin ituna egiteko".

Bestalde, Berriak jakinarazi du iaz eginiko apustuari eutsiko diola: "Luze eta zabal emango du txapelketaren berri, eta haren marka presente egongo da frontoietan, iragarkietan eta pilotarien elastikoetan".

Binakako Txapelketa, abenduaren 17tik martxoaren 5era

Binakako bigarren txapelketan zortzi bikotek parte hartukjo dute Lehen Mailan: Aldareria-Mendiburu, Arrieta-Zabala, Iturriaga-Galiano, Ruiz de Infante-Orbegozo, Etxebeste-Capellan, Barrocal-Ruiz de Larramendi, Zableta-Agirre eta Etxekolonea-Mujika. Promozio Mailan, berriz, lau ariko dira.

Final-laurdenak Tolosako Beotibarren jokatuko dira, inauterietan; finalerdiak Azpeitiako eta Iruñeko Labrit frontoietan; eta finala Zumarragako Belokin.