argia.eus
INPRIMATU
Adoregabetasun politikoaz

Unai Villacorta Rollan 2021eko apirilaren 20a

Joan den astean adoregabetasun politikoaz hitz egiten entzun nuen. Akusazio hori bota zieten sinatu gabeko ekintza (pazifiko) baten egileei, eta gainera protagonismoa lortzeko zela gehitu zuten, anonimoki egitea eta protagonismoa bilatzea konpatibleak bailiran. Erabilitako metodoa guztiz arbuiatuz bukatu zuten hitz hartzea, baina ezingo dute ukatu metodo horrek bere eraginkortasuna frogatu duela: arazoa eta eztabaida berriz ere lehen planora ekarri du, beste batzuek hilabeteak pasa arren helburu hori lortu ezinean.

Anonimotasunaz hausnartzen hastean lehen ikastola klandestinoak etorri zitzaizkidan burura. Beraien nahitaezko jarduera mantendu ahal izateko anonimotasunean aritu behar izan zuten. Anonimotasunean aritze horrek adoregabetasuna ezkutatzen zuen? Argi da ezetz. Adore itzela erakutsi baitzuten beraien biziak jokoan jarriz. Berdina erran dezakegu gure ikur nazionala, ikurrina, gauez eta anonimoki gure herri eta mendietan eskegi zutenez. Haien borrokari esker gara gaur egun garena.

Burura etorri zitzaizkidan ere, egunero-egunero modu anonimoan herriari ekarpena egiten dieten herritarrak. Boterea bilatzetik kanpo, eta beraien irudia aurrean jartzetik urrun milaka dira euskararen alde, kulturaren alde edota naziogintzan aritzen diren militanteak. Nire gaztarora bueltatuz, SEGIko militanteak ditut gogoan. Adoregabetasun politikoa erakusten ote zuten? Ala inork baino adore gehiago erakusten zuten ideia politikoak defendatzeko kartzelan bukatzeko arriskua hartuz? Nik argi dut berriz ere.

Eta nola ez, herri honi bizitza eman dioten Euskal Herritar eskuzabalenetakoak? Beraien bizia baldintzatu eta maiz urteetako kartzela zigorrak jaso dituzten erakunde politiko armatuetako kideek adoregabetasun politikoa erakutsi zuten? Eta manifestazioetan poliziaren oldarraldiei aurre egiten zieten kaputxadun gazteek adorea falta zuten?

Zuen iritzia ukan dezakezue borroka molde desberdinei dagokienez, baina borroka anonimo bat eramatea adoregabetasun politikotik urrun kokatzen dela ezin uka dezakezue.

Kontrara, adoregabetasun politikoaz hitz egiten denean, burura etortzen zaizkit politikari gehienek boterea lortzean hartzen duten jarrera otzana. Bozkak galtzearen beldur, edo azkarregi joatearen beldur euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzea iruditzen zait adoregabetasun politikoa, naiz eta, frantsesez euskara defendatu (protagonismoa bilatzeko?). Berdina esan dezakegu, Euskal Herritar kontsideratzeaz eta aldi berean Frantziako bandera soinean jartzeaz. Zer esanik ez, ideia politikoak konfrontatzearen beldurrez, eraso pertsonaletara salto egiteak…

Hona hemen beraz, gomendio txiki batez bukatuko dudan, nire izen abizenekin eta adore politikoz eginiko artikulua. Ez zaitezte etsaien lagun egin, ezta lagunak etsaiak bailiran jokatu.