argia.eus
INPRIMATU
Adolfo Araiz (EH Bildu): “Erregimenaren erorketaren azken sinboloa da”
  • Ezustean harrapatu zuen Yolanda Barcinaren erabakiak Adolfo Araiz, datozen foru hauteskundeetarako EH Bilduko zerrendaburua. Ezustean, bai uneagatik eta baita moduagatik ere, baina bere ustez “oso erabaki ona da Nafarroarentzat”.

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 11
Adolfo Araiz urriaren 11n EH Bilduko Nafarroako Legebiltzarrerako zerrenda buru aurkeztu zutenean.

Argi du, alabaina, Barcinak argudiatu dituen arrazoi pertsonalak ez direla egiazkoak. Araizen ustez, funtsean, bere eta UPNren politiken aurka mobilizatu diren gizarte sektore zabalen garaipena da eta iragarpenak argi adierazten du erregimena erortzen ari dela: “Hau erorketa baten azken sinboloa da”.

Araizek helburu politiko zehatza ikusten du mugimenduaren atzean: “UPNren eta PSNren akordioa errazteko saiakera da. Ez dakit elkarrekiko baldintza berdinak ote zituzten, hau da, Roberto Jimenez eta Yolanda Barcina ez egotea, baina ataka estuan daudela ikusi behar dute duela hilabete Barcinak bere burua Cadreitan lau haizetara zabal zezan eta orain bere hautagaitza erretiratzen duela esateko”.

Barcinaren aldetik ez dela gobernu kudeaketarik izan iritzi dio Araizek eta egindakoa oso kaltegarria izan dela, gizarteak onartzen ez duen murrizketa politika indarrean jarri besterik ez duelako egin.