Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.
Iruñeko gobernu aldaketa izan zenetik, UPNtik EH Bildura, Iruñeko Udalak administrazioan sartzeko lehendabiziko lan deialdia iragarri zuen NAO Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2024ko martxoaren 26an. Jendaurrean lan egiteko lanpostu bat da, baina udalak ez du euskara eskatu. “Horrelako lanpostuetarako ez badu baloratu, noiz baloratuko du?”, salatu du Administrazioan Euskaraz taldeak.
Gaineratu du profil elebidunak jar ditzaten eta euskara balioan hartu dadin borrokan jarraituko dutela: “Iruñeko Udalean badira lanpostu batzuk profil elebiduna dutenak, baina oso gutxi dira, eta, gainera, batzuetan euskara ez dakitenek okupatzen dituzte”.
Antsoaingo Udalaren jarrera ere salatu dute, izan ere, 2000-6-16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialeko 17. artikuluaren arabera, Antsoaingo Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, hizkuntza jakitea merezimenduetan kontuan hartuko da. Horrez gain, 18. artikuluak dio herritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa %5 izanen dela deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa), eta harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa %10 izanen dela.
Azken aldian lau lan deialdi egin ditu Antsoaingo Udalak: giza baliabideen zuzendaritzako lanposturako oposizio-lehiaketa (2024ko otsailaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), udaltzaingoko agente lehenaren lanposturako lehiaketa (2024ko otsailaren 22ko NAO), hirigintzako teknikariaren lanposturako oposizio-lehiaketa (2024ko martxoaren 21eko NAO), eta sukaldarien zerrenda egiteko oposizio-lehiaketa (2024ko martxoaren 21eko NAO). Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du udalak % 1’65 puntu ematen dizkiola euskara jakiteari udaltzain lanpostuan, eta punturik ez gainerako deialdietan.
Horrez gain, kontatu du herritar batek errekurtsoa jarri duela udalean giza baliabideetako eta udaltzain lanpostutarako deialdiengatik: “Udalak erantzun zion ez dela interesduna, eta beraz, ez zaiola errekurtsoa onartu. Besterik ez”. Hortaz, errekurtsoa jarri du Nafarroako Administrazio Auzitegian.