Adizkinator izeneko doako aplikazioa sortu du Uribe Kostako AEKko euskara irakasle batek. Tresna horrek eskaintzen ditu Euskaltzaindiak euskara baturako onartu dituen adizki laguntzaile eta trinko guztien modu neutroak, baita hikako forma alokutiboak ere. Hala, erabiltzaileek aditzak jokatu eta bilatzeko aukera izango du modu erraz eta azkarrean app hori erabilita.
Adizkinator doako aplikazioa da, euskaldunei eta euskalduntze-prozesuan daudenei zuzendutakoa. Uribe Kostako AEKko euskara irakasle batek sortu du hori, ikasleen beharrei erantzuteko, 2020an; baina, 2021ean argitaratu da. Azaldu duenez, horren helburua da bilatu gura den aditzaren forma "berehalakotasun handiz" lortzea. Horretarako, adizki den-denak (hikako alokutiboak eta trinkoak barne) bildu ditu tresna horretan, eta bilaketa bidea erraztu da terminologia egokituta.
Aplikazio berritzaile hori ezagutzera emateko, bideo bat kaleratu dute. Horretan, fikziozko istorio bat mahai-gaineratu dute: Joxean hiztun gaixoaren bizimodua, aditzik gabe bizitzea zein gogorra den erakusten duena.