A ze fauna! atalaren lehen denboraldian, olatuz-olatu hainbat itsas izaki aurkeztu dizkizuet txoko honen traineruko kareletik. Ordea, bigarren denboraldiko nire lehen artikulua lagun bati gorazarre egin eta bere lanaren garrantzia azpimarratzeko erabili nahi dut: Wallace J. Nichols aurkezteko.
ADIMEN URDINA: Neurozientzialariak eta psikologoak uretako adituekin eta artistekin harremanetan jarri ditu Wallace J. Nicholsen filosofia honek, eta galdera berriak egin eta erantzuteko aukerak ireki ditu, sektore asko eraldatze bidean jarriz. Besteak beste: osasuna eta ongizatea; hezkuntza eta hazkuntza; artea, arkitektura eta diseinua; higiezinen eta hirigintzaren plangintza; kirolak eta aisialdia.
BLUE MIND LIBURUA: 2014ko udan Little Brown & Company-k argitaratua, berehala bihurtu zen bestseller AEBetan, eta hizkuntza askotara itzuli dute.
“J”, itsas kontserbazioaren ikur izan da: itsas biologoa, uraren maitalea, dortoken frikia, esploratzailea, mugimendu berrien eraikitzailea, aita eta hitz erabilgarrien sortzailea. Hori guztia, eta askoz gehiago.
1999an South Padre Island-en (AEB) egin zen itsas dortoken biologia eta kontserbaziorako sinposioan ezagutu nuen. Berehala bereganatu ninduen haren eskuzabaltasunak eta ezagutza itzelak, zuen denbora… urria izanagatik ere, beti baitzegoen prest behar zuenarekin partekatzeko.
Ekainean kontserbazio-komunitateak haren heriotzaren berri izan du. Hala, altxor ordezkaezina galdu dugu, baina ez dut zalantzarik J ‘s blue mind (adimen urdina) filosofiak aurrera egingo duena, belaontzi baten uharak bezala. Kareletik, hitz hauek, zuretzat:
Ozeanoaren kontserbaziorako hurbilketa berri baten aitzindari izan zara, eta zientziak alde batera utzi izan duen egitate bat erdigunean jartzea lortu duzu. Adimen urdina piztu duzu gugan: gizakiaren ongizatean, itsaso edo ur-multzo batetik –ur jauzi, errekasto edo putzu batetik– gertu egoteak, gure burmuinean dituen eragin positiboen aldeko apologian eredu izan zara, neurozientzialari izan gabe. Erakutsi duzu uretatik gertu, barruan edo uretan edozein modutan, emandako denbora ona dela, gure ongizate kognitibo, emozional, psikologiko, sozial, fisiko eta espiritualarentzat. Lan handia egin duzu, gizakiok urarekiko dugun harremanari dagokion garrantzia eman diezaiogun. Eta era berean, ur horien osasuna mantentzearen garrantziaz jabetuta, kontserbazioan buru-belarri aritu zara, zure izaera nekaezinaz, bizi osoan. Bejondeizula!
Zure ondareak ur isuri baten moduan bide berriak irekiko ditu eta olatu erraldoien gailurretan barrena egingo du bere bidea. Eskuz esku, Adimen Urdina mugimenduaren ikur bilakatu diren milaka kanika urdinek itsasorik gabeko itsasoak sortuko dituzte mundu zabaleko burmuinetan… eta eraiki duzun komunitate horren bulkada etengabearen babesean, zabalduz joango da itsasoarekiko maitasuna eta babesa; Monte Rey-ko Badiatik Haizearen orrazira, eta beste hainbat itsasotara. Gure bizileku urdin hauskorra babesteak merezi duelako.
Wish you water (Ura opa dizut).