argia.eus
INPRIMATU
Adintxikikoei sexua izatearen truke dirua edota tabakoa eskaintzen zien Espainiako polizia batek
  • 33 urteko espetxe zigorra eskatu du epaitegiak poliziarentzat, 13 eta 14 urteko bi mutikorekin sexu harremanak izateagatik. Beste bi gizoni ere zigorra ezarri diete delitu berarengatik. 

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko maiatzaren 17a
Espainiako polizia batzuk kalean lanean

Hiru gizon zigortu ditu Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioak. 14 eta 33 urte bitarteko espetxe zigorra ezarri diete 13 eta 14 urte arteko bi mutikorekin sexu harremanak izan eta horien trukean dirua edo tabakoa emateagatik ordain gisa. Delitu horiengatik Nafarroan jarri den zigorrik handiena da eta bat dator egiaztatuak geratu diren egitateekin. Akusatu nagusia Espainiako polizia bat da, Lorenzo Camacho Carrion, 59 urtekoa, eta mutiko horietako batekin izandako harremanak grabatu zituen. Argazkiak ere atera zizkien adin txikikoei eta hori horrela, zigorrik altuenak ezarri dizkiote. 33 urteko espetxe zigorra ezarriko diote guztira: 8 adintxikikoekin ustelkeria delitua egiteagatik, 20 urte 16 urtetik beherakoei abusu jarraituak egiteagatik eta 5 sekretupekoak ezagutarazteagatik. 14 urteko mutikoetako batekin internet bidez egin zuen kontaktua (18 urte zituela adierazten zuen kontaktuak egiteko webgune horretan, baina bigarren aldian geratu zirenean esan zion poliziari DBHko 3. maila ikasten ari zela eta 15 urte zituela) eta bide horretatik hitzordua egin zuten sexu harremanak izateko diru truke. Hortik aurrera astean behin edo birritan egiten zituzten hitzorduak eta dirua edo tabakoa eskaintzen zizkion poliziak sexu harremanak izatearen truke. Lagun bat ere eraman zezakeela iradoki zion poliziak mutikoari, eta hala, klasekide bati esanda, bi mutikoek kondenatutako poliziaren etxean izan zituzten sexu harremanak harekin. Akusatuak hitzordu hori grabatu egin zuen. 

Beste gizonezko bati, 51 urtekoa, 24 urteko espetxe zigorra ezarri diote, eta 45 urteko hirugarren bati 14 urtekoa.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du, eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.