Martxoaren 17an hasi eta hila bukatu bitartean, Literatura Plazara jaialdia egingo da Oiartzunen. Hirugarren urtez antolatu du egitasmoa 1545 argitaletxeak, bigarrenez bi asteko formatuan. "Literaturak plaza hartzea nahi dugu, partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian uzteko gure herrian", adierazi du Xabi Salaberriak Oiartzun Irratian.
Iaz otsail bukaeran egin bazen ere, martxoaren 8aren atariko, aurten osterako utzi dute Oiartzungo Literatura Plazara jaialdia. Baina iaz bezalaxe, bi astez luzatuko da egitasmoa eta horretarako egitarau oparoa osatu dute. Bi oiartzuar anaien 1545 argitaletxea dago honen guztiaren atzean; haur eta gazteei bideratutako lanetan ari dira batez ere, literaturaren eta filosofiaren artean zabuka. Xabi Salaberriarekin hitz egin du Oiartzun Irratiak eta ordu erdiko elkarrizketa horretan xehatu dituzte aurtengo Literatura Plazara jaialdiaren detaileak.
Kartela ikuste hutsak ageri-agerian uzten du lehen bihurrikeria. Izan ere, Literatura Plazara ipini bai, baina E gainetik idatzia ere badatorkio: Literatura Plazera. Plazatik plazerera, alegia. Biak jorratu asmo dituzte, Salaberriak kontatu duenez: "Literatura maite eta gozatzen dugunok, urtean behin bada ere, plaza hartu nahi dugu liburu bidez; hala, iruditzen zait badela aldarrikatzeko modu bat, kultura eta euskal literatura erdigunera eramatekoa. Plaza hartu eta partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian utzi nahi dugu".
Adin guztiei partekatuta
Salaberriak aitortu du urteen poderioz, hirugarren edizioa delako datorrena, "era kontzienteagoan" ari direla osatzen egitaraua adin guztiei begira. "Lehen gehiago zen haurrentzat ipuin kontaketa bat antolatzea, ondoren gazteentzako idazketa tailerra, helduentzako gauza diferenteak... Aurten baditugu denentzako moduko emanaldiak", adierazi du Salaberriak. "Nahita egindako esfortzu bat da".
Horretan ari dira lanean, ez bakarrik ziurtatzen adin guztientzako eskaintza dagoela, baizik eta, baita ere, adin guztietarako balio duten ekintzak daudela. "Adinka sailkatzen den mundua da literatura, eta guk partekatu egin nahi dugu, belaunaldi ezberdinen artean gozatu; hori probatuko dugu aurten", dio Salaberriak.
Bi hitzordu berezi denentzat
Adin guztietako herritarrak bildu asmo dituen ekintzak bi izango dira. Martxoaren 23an, goizean, Luma Kantaria liburuaz mintzatuko dira herriko irakurle talde diferenteak. Joseba Sarrionandiak idatziriko izen bereko testua, Ainhoari gutunak liburuan datorrena, berrargitaratu egin du 1545 argitaletxeak. Oiartzungo LH5-6, DBH eta helduen irakurle taldean, hiruretan landu berri dute liburua, eta, bakoitzak bere modura egin duenez, aukera izango dute galderak egiteko bai Sarrionandiari eta bai Idoia Beratarbide egileei.
Hurrengo ostiral arratsaldean, martxoaren 28an, "irakurketa festa herrikoia" egingo dute Kontzejupe plazan. Beste herri batzuetan-eta funtzionatu izan duelakoan, Oiartzunera eramango duten formatua izango da: taldetxoak osatu ondoren, 45 minutu emango dituzte elkarrekin irakurtzeko eta gero talde handian komentatu, partekatu edota gomendatuko dituzte liburuak. "Normalean bakarrik egiten den ekintza da irakurketa, baina orain binaka, hirunaka edo guraso batek lau-bost ume elkartuta egiteko modukoa da", adierazi du Salaberriak. Posible izango da, akaso, hiru urteko haur baten taldetxoan 80 urteko heldu bat ere egotea; "hau berria da, ez dakigu nola aterako den", esan du.
Gainontzeko zazpi hitzordu interesgarriak
Martxoaren 17an hasiko da Literatura Plazara egitasmoa, astelehen arratsaldez, LH3ko eta LH4ko irakur taldeei bideratutako ekintza banarekin: biek ala biek Nerea Loiola izango dute gonbidatu, azken hilean irakurri duten bere liburu banaz mintzatuko dira. LH2ko irakurle taldeak, berriz, martxoaren 24an izango du bere hitzordua, Amaia Egidazurekin, ilustratu eta idatzi duen Dotorea liburua izango dute hizketagai.
Baina solastatu ez ezik, praktikan jartzeko zitarik ere izango dute adin buelta horretako gaztetxoek. Martxoaren 22an, larunbat eguerdian, Yolanda Arrietarekin, 8 eta 12 urte arteko haurrentzat idazketa tailerra egingo da. Aurrez, Arrietak ipuin kontaketa saioa egingo du 4 eta 7 urte artekoekin.
Gazte helduxeagoek, 12 eta 18 urteko gazte eta nerabeek, martxoaren 29an izango dute haien hitzordua: Oier Guillanek eskainita, idazketa tailerra egingo dute Literaturan jolasa gauza serioa da goiburupean.
Solasaldiak ere izango dira, jakina. Bi egingo dira, eta biak asteazkenez: martxoaren 19an, asteazkenean, Uxue Alberdi eta Danele Sarriugarte idazleak hizketan ipiniko ditu Iratxe Retolazak, gidari lanak eginda, idazketa ibilbideez eta abarrez; eta martxoaren 26an, bestalde, pote filosofikoa egingo da Iñigo Martínezekin, bere Pantailen garaipena liburua oinarri hartuta, Olatz Mitxelenak gidatuta. Salaberriak jakitera eman duenez, hogei bat minutuko sarrera bat egingo du Martínezek, taldetxoetan jartzeko gero eta elkarrekin filosofatzeko patxada ederrean; ondoren, talde handian partekatuko dituzte botatako ideiak.
Egitaraua ixteko, azken ekintza, martxoaren 30ean egingo dute, igandez, Landetxen. Argitaletxeak kaleratu berri duen azkenengotariko liburu batean oinarritua izango da, PUF, Alaia Martinek idatzia eta Udane Ansak ilustratua. "Liburua aurkezteko modu bitxia izango da", Salaberriak jakitera eman duenez. Ainhoa Urien gai jartzaile ipinita, liburuaren egile Martinez aparte, Amets Arzallus eta Miren Artetxe ere bertsotan jarriko dira, liburuko gaiak harilkatzeko asmotan.