argia.eus
INPRIMATU
Iruzurra salatu duen eta bi haur txiki dituen familia bat etxetik bota dute Bilbon
  • Lau hilabeteko eta lau urteko bi ume dituen familia bat etxetik bota dute astelehen goizean Bilbon. AZET Etxebizitza Sindikatua azken egunotan etxegabetzea bide judizialetik geldiarazten saiatu bada ere, astelehen goizean bota ditu poliziak etxetik. Manifestazioa deitu dute 19:00etan gertatutakoa salatzeko.

Leire Ibar 2024ko abenduaren 09a
Mobilizazioa antolatu du sindikatuak San Frantzisko auzoko etxegabetzea salatzeko. AZET

Familia iruzur baten biktima izan dela salatu du sindikatuak eta Naizek jaso duenez azpi-alokairuan zegoen etxebizitza. Familia pertsona bati alokairua ordaintzen ari zitzaion arren, pertsona hori ez zen jabeari ordaintzen ari. Hori dela eta, jabeak salaketa jarri zuen, hainbat hilabete dirurik jaso gabe igaro ostean.

Goizeko 9:00ak aldera bildu dira etxeko bebarru aurrean zenbait kide etxegabetzea gelditzen saiatzeko eta familiari babesa emateko. Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu dira ondoren, eta bertan zeuden kideen aurka oldartu dira. Sindikatuak zabaldu ditu gertatutakoaren irudiak.

 

10:30ak inguruan, kaleratze-agindua betearazteko epaitegiko ordezkaritza iritsi da eta minutu gutxiren buruan kanporatu dute familia eraikinetik. Oraingoz familia Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzura bideratu dute. AZETek azaldu du Bilboko Udalaren gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri direla familia behin-behineko bizitoki bat emateko.

Etxegabetzea salatzeko, AZETek manifestazioa deitu du astelehenean 19:00etan Mariaren Bihotza plazan, San Frantziskon.

 

Gaiarekin lotuta, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek mobilizazio nazionala antolatu dute abenduaren 14an Bilbon, etxebizitza eskubidearen defentsan eta etxegabetze guztien aurka.