argia.eus
INPRIMATU
Adingabeen zentro bateko sutean hildako gazteak giltzaperatuta zeudela onartu du Guatemalako presidenteak
  • Iragan asteazkenean Hogar Seguro Virgen de la Asunción zentroan (Guatemala) gertatutako sutearen biktimen zifra berrogeira igo da, eta kausak oraindik ez dira argitu. Herritarrek informazio gabezia salatu eta gertatutakoari buruzko azalpenak exijitu dituzte.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 13a
(Arg.: AFP)

Jimmy Morales Guatemalako presidenteak elkarrizketa batean adierazi du ezbeharraren egunean neurriak hartu zituztela “gazteen arteko istiluak saihesteko”, eta hauetako bat “giltzapetzea” izan zela. Lekuko batzuek ere antzeko bertsioak eman dituzte, baina oraindik ez da ezer konfirmatu. Presidenteak “pazientzia” eskatu du, gertatutakoa ikertzen ari direlako.

Dirudienez, sutearen aurreko orduetan gazte batzuk ihes egiteko saiakera egin zuten, tratu txarrak eta sexu gehiegikeriak salatu ostean. Ustez, haiek piztu zuten sutea, protesta moduan.

Zentroa Guatemalako Gobernuaren ardurapean dago. Gizarte Ongizateko Idazkariak  tragediaren erantzukizuna bere gain hartu du, baina kargua uzteko aukera alde batera utzi du. Jimmy Moralesek hiru eguneko dolu nazionala ezarri eta zentroaren zuzendariaren kargugabetzea agindu du.

“Sarraski bat izan da”, adierazi du Hilda Morales Haurtzaroaren Giza Eskubideen prokuradoreak, eta arduradunen aurkako ikerketa bat eskatu du. Biktimen senideek azalpenak eskatu dituzte: “Gure alabei zer gertatu zaien jakiteko eskubidea dugu”, adierazi du ama batek.

Adingabeen zentroak 400 pertsonentzako ahalmena dauka, baina 800 bat gazte ostatatzen ditu, horien artean etxeko indarkeriaren biktimak, delitugileak edo bizitokirik gabeko adingabeak. Zentroaren aurkako salaketak jarri izan dituzte beste batzuetan, tratu txarrengatik.