argia.eus
INPRIMATU
Adingabeen sexu-erasoak salatzeko bide seguru eta eraginkorrak aldarrikatu dituzte Getxon
  • Europa ikastetxeko sexu-abusuak salatzeko eta umeei eta euren senideei babesa adierazteko elkarretaratze jendetsua egin dute asteazkenean, Getxon, Malakate parkean. Algortako Mugimendu Feministak deituta, deitoratu dute haurren kontrako indarkeria ez dela anomalia bat, eta gogoratu dute Europan bost adingabetik bat sexu erasoen biktima dela. Horren aurrean, salaketarako bide seguru eta eraginkorrak martxan jartzea aldarrikatu dute.

Hiruka .eus 2024ko maiatzaren 30a
Asteazkenean egin duten elkarretaratzea, Malakate parkean. Argazkia: EH Bildu.

Getxoko Europa ikastetxeko sexu-abusuak kasu isolatuak ez direla deitoratu du Algortako Mugimendu Feministak gaur, elkarretaratzean. Eusko Jaurlaritzako datuak ekarrita, azaldu dute Europan bost adingabetik bat sexu erasoen biktima dela, eta gehienetan erasoa familian edo inguru hurbilenean gertatzen direla. Gainera, azpimarratu dute kasuen %90ean erasotzailea erreferentziazko gizon bat izan ohi dela, “eta, sarri, indarkeria hori iraunkor bihurtzen da, ez da noizbehinkako ekintzetara mugatzen”.

2016an, ANAR (Ayuda a Niños y Adolescentes en Riesgo) erakundeak artatutako adingabeen kasuan, ekintzaile feministek azaldu dute sexu-erasoen %70,4 haurren edo senideen etxeetan gertatutakoak izan zirela, eta ia %30 ikastetxeetan. “Tamalez, datu horiek lekua hartu dute gurean ere bai, gure udalerriko hezkuntza-zentro bateko irakaslea izan baita erasotzailea”, gogoratu dute.

Azpimarratu dute erasook “sistema patriarkalaren beste erakusle bat” direla, “haurren aurkako erasoak ere indarkeria matxista direlako, eta horrenbestez, haurren aurkako biolentzia sistema bortxatzaile eta hiltzaile honen adierazgarri ere bada”. Ildo horretan, salatutako gertakariei dimentsioa ez kentzea aldarrikatu dute, kasu isolatuak ez direlakoan: “Zisheteropatriarkatua da”.

Hala, formakuntza, sentsibilizazio eta prebentzio plan zehatzak finkatzea eskatu dute: “Beharrezkoak ditugu erantzun-protokoloak, eta jakina, beharrezkoa dugu instituzio, ordezkari politiko eta hezkuntza zentro guztien nahiz sistema judizialaren partetik indarkeria matxistaren kontrako posizionamendu argia eta irmoa ikustea, baina, batez ere, indarkeria-egoera iraunkorra gainditzeko konprometitzea eta inplikatzea”.

Arbuiatu dute behin baino gehiagotan gertatu izan dela biktima zalantzan jarri izana, babesik erakutsi ez izana, indarkeria matxista arinkeriaz tratatu izana eta erasoaren erantzukizuna biktiman jarri izana. Era berean, jakinarazi dute sexu-eraso baten berri izan duten ikastetxeen %85ak ez duela ezer egiten; sexu-erasoa jasan dutela kontatzen duten adingabeen %70ak ez duela babesik jasotzen eta, horrek, ezinbestean, gertatutakoa ez kontatzera eramaten dituela biktimak. “Sostengu falta dela eta, 4tik 1ek atzera egiten du indarkeria salatzeko asmoetan”, salatu dute.