argia.eus
INPRIMATU
Adingabeak babesteko Foru Legea behingoz praktikara eramatea eskatu diote Nafarroako Gobernuari NUPeko ikertzaileek
  • Sandra Siria Mendaza eta Hodei Sarasa Camacho Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko irakasleek haien ikerlanen ondorioak azaldu dituzte Nafarroako Legebiltzarrean. 2022Ko legean “komunitateko tutore” figura berria sortzea eskatu dute, harrera baliabidetan dauden haur eta nerabeek haien jatorrizko auzoarekin harremana mantendu dezaten.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2025eko urtarrilaren 16a
Iruñeko Paris 365 entitateko gizarte langile bat, haurrekin lanean. Mikel Urabaien

Siria eta Sarasa NUPen lan egiten dute, irakasle eta ikertzaile gisa. Foru Erkidegoan haien familiengandik banandutako haur eta nerabeentzako harrera baliabideak aztertu dituzte azken urteetan, eta berriki haien ondorioak Nafar Parlamentuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordera eramateko aukera izan dute, EH Bilduk eskatuta.

Bertan, Siriak adierazi du “baliabideak birpentsatzearen aldeko apustua sendoa” dela, baina ez ordea hura “praktikara eramatearena”. Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko, eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko 2022ko Foru Legea begi onez ikusten duten arren, “lan karga gehiegizkoa” dela deitoratu du Siriak.

“Nafarroan bertan ditugun baliabideen ebaluaketa on bat egin ahal izateko tresnak zein datuak” faltan bota ditu. “Ezin dugu ahaztu Europan egindako ikerketen arabera adingabeen %20 sexu indarkeriaren biktima izan direla edo izango direla”, aipatu du adituak.

“Arreta ereduak bateratzea” ezinbestekoa dela deritzo Siriak, eta gazteak “instituzionalizatzen” direla kritikatu du. Halaxe azaldu du bere lankide den Hodei Sarasak: “Oharkabean bada ere, hezitzaileak entitate baten logo erraldoia daraman furgoneta batetan ume baten bila eskolako atera bidaltzen ditugunean, etengabe gogorarazten ari gatzaizkie behin-behineko prozesu instituzional batetan murgilduta daudela, eta hori negatiboa da haientzat”.

Gehiegizko eredu kopuruaren eta instituzionalizazioaren arazoei dagokienez, EH Bilduko Javier Arza eta Contigo-Zurekineko Miguel Garrido bat etorri dira irtenbidean: “Publifikazioa”. Ildo beretik, Geroa Baiko Isabel Aranburuk esku hartze sozialaren “gehiegizko txandakatzea” gehitu du konpondu beharreko aferatzat.

UPNko Raquel Garbayok horrela erantzun die: “Ez dakit publikoa ala pribatua izatearekin zerikusirik ote duen kausak, baina azken erantzulea Nafarroako Gobernua da eta zuetako askok urteak daramatzazue agintean”.

Komunitateko elkarteak eta tutoreak

Sarasak UPNren aginte urteetan zapuztutako eredu bat ekarri du gogora erreferente on gisa, nafar hiriburukoa hain zuzen ere: “Duela lau urte Iruñeko auzo bakoitzak haurtzaroaz eta nerabezaroaz arduratzen zen elkarte informal propioa zuen. Boluntarioek osatzen zuten batez ere, profesional batzuekin batera, eta hainbestetan azpimarratzen dugun prebentzioaren esparruan lan handia egiten zuten”. Enrique Maya alkate ohiak zerbitzu hura pribatizatu zuen, eta orain elkarteek eta haien langileek ez dute zertan dagokien auzoetan errorik izan behar.

Adingabeak babesteko Foru Legetik, Sarasak nabarmendu du “komunitateko elkarteak” sortzearen ideia, edo “berreskuratzearena, Iruñearen kasuan bezala”. Egiteke dauden entitate hauetarako, bere tesian proposatzen duen “komunitateko tutorearen” figura legean txertatzea eskatu du. Figura profesional berria harrera baliabidetan dauden haur eta nerabeek haien jatorrizko auzoarekin harremana mantentzeaz arduratuko litzateke.

“Komunitateko tutore honek, esate baterako, eskolaz kanpo lehenago egiten zituen jardueretara eramango lituzke gazteak. Gaur egun, zoritxarrez, jardunaldian zehar ez dago tarterik horretarako eta, hezitzaileren batek horrelakorik egin nahi izatekotan, bere lanorduetatik kanpo egin behar du”, kontatu du Sarasak. “Kontutan izan behar dugu jatorrizko auzoko sare soziala mantentzea izan behar dela harrera zerbitzuen helburu nagusienetako bat, gaztea bertara bueltatu ahal izateko”.