argia.eus
INPRIMATU
Adinekoen egoitzak ohiko bisita eta jarduerak berreskuratzen hasi dira Nafarroan
  • Adinekoen egoitzetan “eguneroko bizitza normalizatzeko” helburuz, pandemiari aurre egiteko zentro hauetan hartu diren prebentzio-neurriak malgutzea onartu du Nafarroako Gobernuak. Gizarte osoari dagokionean, intzidentzia handia den tokietarako neurri bereziak ezarri nahi ditu Gobernuak.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 25

Bisiten antolaketa aldatuko da adineko egoitzetan: maiztasun handiagoarekin egin ahal izango dira bisitak eta txertoa jaso dutenen bisitak onartuko dituzte, arrisku txiki eta handiko irteeren irizpidea desagertuko da, unitate ezberdineko egoiliarren arteko jarduerak onartuko dira, txertaketa prozesu osoa jarraitu duten boluntarioak sartzea ahalbidetuko da eta aldi baterako egoiliarrak normalizatuko dira.

Irteeraren ostean, zentrora itzultzen den egoiliarrak ez du proba diagnostikorik egin beharko eta ez zaio isolatuko, baldin eta 72 ordutik beherako irteera izan bada. 72 ordutik gorako irteeretan, PCR proba egingo zaio itzultzean eta emaitza jakin arte isolatuko zaio.

Horrez gain, eguneko zentroak irekitzeko lanean dira dagoeneko.

Nafarroak 72 egoitza, horietan lanean ari diren 4.000 bat profesional eta guztira 6.011 plaza ditu. “Familiak eta zentroak eskatzen dizkiguten neurriak dira”, adierazi du Nafarroako Gobernuak.

Intzidentzia handia den tokietarako neurri bereziak

Bestalde, nafar gizarte osoari eragiten dioten neurriak ere iragarri ditu Gobernuak. Intzidentzia handia den tokietan etxeratze agindua ezarri nahi du, ostatuen barrualdea itxi eta bizikidetza unitateen arteko bilkurak baino ez baimendu. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eman behar du neurri hauek ezartzeko baimena.

Itxiera perimetrala ere aurreikusia du Gobernuak, hala nola trazabilitatea %70etik beherakoa denean eta egindako testen %10 baino gehiago positiboak direnean.