argia.eus
INPRIMATU
Adineko pertsonen zaintza publikoaren aldeko federazioa sortu dute
  • Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteek zaintza publiko eta duinaren aldeko federazioa sortu dute. EAEko lurraldeko elkarteak dira. Gaur egungo zaintza-ereduak ez duela balio eta aldatu beharra dagoela salatu dute elkarteek.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 28a
Argazkia: Ecuador Etxea

Zaintza publikoaren alde borrokatu dute elkarteek, Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza, federazioa sortuko dutela ohartarazi dute. Zainketen kalitate txarra eta pribatizazioa salatu dituzten elkarteak gero eta gehiago direla azpimarratu dute EAEko elkarteek. 

EAEko egoitzen eta zaintzen egoera aztertu ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari bilera eskatu diote, Eusko Jaurlaritza sortzen ari den foroetan parte hartzeko eskaria egiteko asmoarekin. Aldundia eta Eusko Jaurlaritza sortzen ari diren organo eta batzordeen berri ematean, senideen elkarteez ahazten direla salatu dute.

Bestetik, aldundien adierazpenek “marra gorria” pasatu dutela adierazi dute elkarteek. Gipuzkoako egoitza bateko hildakoen kopurua ez zela benetakoa salatu zuen Osakidetzako arduradun batek eta Gipuzkoako Gizarte politiketako diputatuak esan zuen ez zuela “datu errealen eta ofizialen arteko bat-etortze faltarik ikusten” eta ez zela ezberdina beste egoitza batzuetan gertatutakoarekin alderatuta. 

Hiru lurraldeetako elkarteek inkestak egin dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Arabako egoitzen % 70ean, Gipuzkoako % 55ean eta Bizkaikoen % 65ean. Inkesta hauetatik hainbat erantzun atera dituzte: egoitzetan neurri murritzaileak malgutzea errealitatetik urrun dagoela, eta senideak eta erabiltzaileak inolako parte-hartzerik gabe utzi dituztela. Ia egoitza guztietan ez da errespetatzen egoiliarrek banakako planerako duten eskubidea eta erreferentziazko pertsona bat izendatua izateko duten eskubidea.