Emakundek diruz lagunduta eta EDE Fundazioaren parte-hartzearekin, Suspergintza erakundeak gida bat osatu du adineko emakumeek bikotearengandik edo bikote ohiarengandik pairatzen duten indarkeria matxista detektatzeko eta egoera horietan esku-hartzea bultzatzeko.
Adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista detektatzeko gida aurkeztu dute asteartean Bilbon. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak aurkezpenean adierazi duenez, emakumeen aurkako indarkeriak adin-tarte zehatz batean dituen berezitasunetan jartzen du arreta gidak; izan ere, "adineko emakumeak askotarikoak diren arren eta guztiek profil berari erantzuten ez dioten arren, adinari lotutako zaurgarritasun berezi batez hitz egin daiteke". Zehazki 65 urtetik gorako emakumeetan jartzen du arreta gidak, EAEko biztanleriaren %13a osatzen duen sektorean. Elgarrestaren hitzetan, belaunaldi horretako "emakume gehienak autonomia ekonomikorik izan ez duten emakumeak dira; senarrei lan egiteko, kontu korronte bat irekitzeko edo atzerrira joateko baimena eskatu behar izan zieten garai batean; gehienbat, gainerako pertsonak zaintzen jardun dute, aisialdirako eta gozamen pertsonalerako tarterik gabe; emakumeen aurkako indarkeria arazo pertsonala zen garaikoak dira".
Emakundek emandako diru-laguntzarekin, Suspergintza erakundeak landu du gida, eta EDE Fundazioak ere parte-hatu du lanketan. Detekziorako eta hasierako akonpainamendurako gida. Adineko emakumeek bikote edota bikote ohiarekin duten harremanean jasaten duten aurkako indarkeria matxistaren aurkako gida jarri diote izenburua, eta titulutik zehaztera ematen denez, adineko emakumeek bikotearengandik edo bikotekide ohiarengandik jasandako indarkerian zentratzen da.
Gida didaktikoa da, bereziki adineko jendearekin lan egiten duten pertsonei bideratua. Adineko emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurrean metodologia konkretu bat xedatzeko asmorik ez du. Bestelako helburua du: begirada zabaltzea eta gaian sakontzea, erreferentziak eta estrategiak eskura jartzearekin batera; eta indarkeria kasuren bat identifikatzen denerako aholkuak eta indikazioak eskaintzea, egoeren aurrean esku hartzeko.
Bost zatik egituratzen dute gida: sarrerak, marko teorikoak, gakoei eta gomendio praktikoei eskainitako kapituluak, adineko emakumeen gertukoen auto-zaintzari eskainitakoak, eta amaierako hausnarketak. Zenbait ariketa praktiko ere barnebiltzen ditu gidak, eta jasotzen ditu, baita ere, indarkeria matxistari aurre egin dioten zenbait adineko emakumeren testigantzak ere.