argia.eus
INPRIMATU
Adineko ehun pertsonatik gora itxialdian, Getxoko Nagusia Etxea espazioaren defentsan
  • Aste honetan zerbitzu guztiak aterako dituztela jakitearekin batera, bertan ixtearen aldeko hautua egin dute.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 17a
Udaltzaingoa Nagusia Etxean itxitakoak identifikatzeko egindako agerraldian

Zaintzaren arkitekturen gaineko proiektu batekin Nagusia Etxean esku-hartzen duen Irati Mogollon Garciak esandakoaren arabera, El Correo egunkariaren bidez jakin dute Nagusia Etxeako zerbitzu guztiak ostiral honetan aterako dituela Udalak. Horren aurrean, duela hiru urte Kultur Etxe berrira lekualdatzeko proposamena egin zitzaienetik espazioa mantentzearen alde borrokan dirauten adinekoek bertan ixtea erabaki dute. Asteazkenetik daude itxialdian, eta bart Udaltzaingoak identifikatu egin ditu. Ostegunean, 19:00etan, elkarretaratzea deitu dute Nagusia Etxean bertan.

Belaunaldi ezberdinek habitatu izan duten Nagusia Etxea espazioa orain 30 urte baino gehiago biltzeko gune modura naturalki hartua izan zen. Ordutik, hamaika ekintza burutu dira bertan: musika saioak, hitzaldiak, tailerrak, ariketa fisikoa edota bazkariak, besteak beste. Egun 6.200 adindun daude bertan izena emanda, 3.000 egindako ekintzetan parte-hartzaile moduan erregistratuta, eta 200 pertsona inguru biltzen ditu egunerokotasunean.

Erromoko auzoan kokatuta, espekulazio olatuari eutsi dion edifizio historiko bakanetakoa izateaz gain adinekoentzako zerbitzuak eskaintzen dituen espazio bakarra ere bada. Kultur Etxe berri batera lekualdatu nahi ditu Udalak, baina Nagusia Etxeako erabiltzaileek argi daukate aldaketa hori ez zaiela beraien beharrizanei egokitzen.

Udalaren nahiak eta adinekoen beharrizanak, kontrajarrita

600.000 euro, hori zen Getxoko Udalak Kultur Etxea izateko altxatu duen bost pisuko eraikinaren eraikuntza lanetarako aurreikusten zuen zenbatekoa. Obrak amaitu diren honetan, zenbateko hori 2.000.000 euro arte igo da. Kulturarekin lotura daukaten ekintza eta norbanako guztiekin, bertara lekualdatu nahi ditu Udalak Nagusia Etxeako erabiltzaileak. Hirugarren pisuaren erdia, horixe eraikin berrian eskaintzen zaien espazioa.

Nagusia Etxeako erabiltzaileak ez datoz bat Udalaren nahiekin ordea, hau ez baita beraien beharrizanetara moldatzen: instituzionalizatuta dago, ez da iristen erraza, igogailua hartzera derrigortuak daude eta ez dauka patiorik, besteak beste. Zeuzkaten errekurtsoekin lekualdatzearen gaineko galdeketa egin dute bazkideen artea, eta 570 pertsonak erantzun dute. Emaitzen arabera %85ak ez du Nagusia Etxeatik mugitu nahi. EAJ eta PSEek osatutako Udalak, ordea, ez dio aintzatespenik egin galdeketari.

Presioa instituzioetatik

Proposamena egin zitzaien lehen momentutik adinduek argi adierazi dute ez dutela onartuko toki aldaketa, eta horretan berretsi dira ordutik hona. Jarrera tinko honen aurrean instituzioek presioa egin dietela salatu dute. Alde batetik, eskaintzen zaien aukera onartu ezean ezer gabe geldituko direlako mehatxuekin, Udalak beldurraren estrategia erabili duela adierazi dute. Eta bestetik, “zahar hauek noiz agortuko” ideiarekin zerbitzu sozialek desgastearen jolasa darabiltela antzeman dute.

Adineko jendea estimutan duen “Getxo Lagunkoia”-rekin Udalari ahoa betetzen zaion bitartean errealitatea bestelakoa dela salatzen dute, zaharrak mobilizatzen direnean hauek nola isilarazi nahi dituzten ikusita Udalak adinean oinarrituta burutzen duen diskriminazioa, hots, adinkeria, nabarmentzen dela azpimarratuz.

Adinekoentzat tokirik ez duen hiri eredua

Nagusia Etxeako erabiltzaileek aurrera eraman dituzten proiektuen artean, hirietako arkitekturak buru-osasunean daukan eragina aztertzen ere aritu izan dira. Ikerketa honen bitartez espazioaren memoriak norbanakoen memorian eragin zuzena daukala ondorioztatu dute.

Etengabeko eraldaketan dagoen hiri ereduak adinekoengan inpaktu handia daukala adierazi dute, herri eta hirietan iraganera lotzen dituen geroz eta gauza gutxiago dagoen heinean tokirik ez dutelako sentipena areagotzen dela azpimarratuz. Dauzkaten toki propio horien defentsa duintasunez bizitzeko beharrezkotzat jotzen dute, eta horretan ari dira.