argia.eus
INPRIMATU
Emakume bat hil du bere senarrak Angelun
  • Adineko bikotea hilda aurkitu dute asteazkenean. Gertakariaren gaineko ikerketaren hipotesi nagusiaren arabera, gizonezkoak emakumezkoa hil du eta gero bere buruaz beste egin.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 06a
Indarkeria matxista salatzeko egindako elkarretaratzea Zumaian (Argazkia: Gorka Zabaleta / Baleike)

Asteazken arratsaldean aurkitu dituzte 89 urteko gizonaren eta 83 urteko emakumearen hilotzak, Angeluko (Lapurdi) Sainte-Marguerite kalean. Eguerdiko 14:00ak inguru jasotako telefono dei batek suhiltzaileak ohartarazi ditu, eta larrialdi zerbitzuak bertara gerturatu dira. Bertaratutakoan, hilda aurkitu dituzte senar-emazteak. Jérôme Bourrier Baionako fiskalak zein Mediabask-ek emandako informazioaren arabera, suzko armaz hil dira.

Bourrierrek gertakariaren gaineko ikerketa abiatu du, eta hipotesi nagusiaren arabera gizonak emakumea hil du lehenik, suhiltzaileei deitu die ostean, eta bere buruaz beste egin du azkenik. Hori hala izan dela ziurtatuz gero, indarkeria matxista kasua litzateke.

Urteko laugarren hilketa matxista

Angelukoa urteko laugarren hilketa matxista litzateke Berriaren indarkeria matxisten maparen arabera.

Martxoaren 11n Miren Uranga eta Paola Mendez ama-alabak hil zituen gizon batek Abanton (Bizkaia). Gizona hildakoen senarra eta aita zen.

Martxoaren 16an jazo zen hirugarren hilketa matxista, Soraluzen (Gipuzkoa). 33 urteko gizonak bere 73 urteko ama hil zuen.