argia.eus
INPRIMATU
Adin txikikoen kontrako indarkeria mota ohikoena familia barrukoa da
  • Haur eta nerabeen kontrako indarkeria mota nagusia familia barrukoa dela eta bai bikotekideen aldetik neskek jasaten duten indarkeriak, bai sexu-indarkeria kasuek nabarmen gora egin dutela jakin dugu, Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunean. EAEko datuak dira eta indarkeria horiei aurre egiteko plan estrategikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 26a

Aurkeztu dituzten datuak 2020an Ertzaintzak EAEn erregistratutako kasuak dira: 18 urtetik beherako 1.459 pertsona izan ziren delitu baten biktima, kontuan hartuta familia barruko indarkeria, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria, eta familia-eremutik kanpoko sexu-askatasunaren kontrako delituak. Kasu gehienak 14 eta 17 urte bitarteko nerabeek salatu zituzten.

Dena den, azpimarratu beharra dago indarkeria horren zati handi bat ez dela salatzen eta beraz, ez dela erregistratzen.

Horren aurrean, estrategia integrala aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, beste inongo erkidegok halakorik ez duela eta Europan antzeko estrategiak oso herrialde gutxik dituztela nabarmenduz.

Lau ardatz ditu estrategiak: prebentzioa; indarkeria arriskua garaiz atzematea –arreta berezia jarriz sozializazio edo hurbiltasun esparruetan diharduten eragileengan eta gazteei hurbileko eta konfiantzazko entzute kanalak eskaintzean–; biktimen arreta integrala; eta hainbat erakunde eta eragileren arteko lankidetza, indarkeria mota guztiak hobeto ezagutzeko eta haiei eraginkortasun handiagoz erantzuteko. Familien eta Haurren Zuzendaritzak koordinatuko du estrategia.

“Pertsona bat gaizki sentiaraztea ere indarkeria da”

Prozesuan 80 bat neska-mutilek hartu dute parte eta horietako batzuen testigantzak jaso ditu Jaurlaritzak, Jostailu hautsi gehiagorik ez sentsibilizazio kanpainan. “Pertsona bat gaizki sentiaraztea ere indarkeria da, eta ez da inor jo edo oihukatzea bezain nabaria”, “jende guztiak ez du laguntza eskatzeko gaitasuna, eta batzuetan laguntza eskatu arren, ez digute laguntzen, eta hori beste kolpe bat da”, “neskak mutilak baino inseguruago sentitzen gara kaleetan” edota “batzuek ez dute onartzen desberdina zarenik, eta horregatik ere larritzen zaituzte”, diote gazteek. Hain justu, generoak, arrazak, identitateak eta sexu joerak indarkeria hauetan duten eragina ere kontuan hartzen ditu planak.