Adin txikiko batek oztoporik gabe herriko apustu etxe batean nola jokatu dezakeen grabatu du Azpeitiako (Gipuzkoa) Ernaik. Ekintzaren bideoarekin batera idatzi bat egin dute publiko, Uztarria.com-ek argitaratu duena.
Bideo honetan, hamasei urteko gazte bat RETA enpresak Azpeitiako Balentina Agirre plazan ireki duen apustu etxean jokatzen ikus daiteke. Gure herrian apustu etxe baten irekierak izan ditzakeen eraginek hasieratik kezkatu gintuen. Gazteen ikuspuntutik begiratuta, gero eta gehiago dira apustuak egiten dituzten gazteak, lokaletan zein sarean, eta horren ondorioz, baita mendekotasuna garatzen dutenak ere. Arazoa, ordea, egiturazkoa da, eta beraz, jakitun gara ez dela soilik gazteei dagokien lan lerroa.
Lokal hauek langile auzoetan irekitzea ez da kasualitate hutsa, gazte prekarioak 'diru erraza'-ren amuan erortzea nahi dute; miseriatik alde egin beharrean, oraindik eta zurrunbilo handiagoan itotzera eramaten dituzte. Jende apalaren kontura aberasten dira lokal hauen jabeak, eta horrek hausnartzera zein mobilizazioetan aktiboki parte hartzera eraman gaitu.
Aurkezten dugun ikus-entzunezkoaren asmoa ez da adin txikikoen erabakitzeko gaitasuna ezbaian jartzea, eta ez dugu pentsatzen arazoa legea ez betetzean dagoenik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak dauka apustu etxeen inguruko legeak egiteko ahalmena, eta horrek ahalbidetu du gure herrian lokal hau arazorik gabe irekitzea. Gainera, azken hilabeteetan izan diren hitzaldietan ikusi ahal izan dugu gai honen inguruan zabaltzen den ustel usaina. Apustu etxearen irekiera legezkoa dela azpimarratzea izan da, ordea, lokal honen atzean daudenen argudio nagusia, eta hori gezurtatzera gatoz. Apustu etxea itxi arte lanean jarraituko dugu.
Albiste hau Uztarriak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.