argia.eus
INPRIMATU
Adin txikikoei sexu abusuak egin izana onartu dute akusatutako hamar gizonetatik lauk
  • Hasi da Gasteizko Sansoheta zentroko aldundiaren zaintzapeko adingabeak prostituitu zituzten ustezko kideen aurkako epaiketa. Lehen egunean Fiskaltzarekin akordioa lortu dute auziperatutako lauk, eta hamahiru urterainoko kartzela zigorrak onartu dituzte.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 26a
Arabako Probintzia Auzitegian hasi da epaiketa astelehenean. / Argazkia: Eitb.

Astelehenean hasi da epaiketa Arabako Probintzia Auzitegian, eta akusatuak deklaratzen hasi dira, Gasteizko Sansoheta zentroan Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden adin txikikoak prostituitzen zituen sare bateko kide izatea leporatuta. Horietako hiru gizonek esan dute “ez zekitela” adin txikikoak zirenik prostituitu zituzten gazteak. Hirurek onartu dute sexu harremanak izan zituztela, eta “damua” adierazi dute, eta ziurtatu delituak ez dituztela berriro errepikatuko. Ondorioz, zigorrak arindu zaizkie eta akordio batera iritsi dira Fiskaltzarekin. Laugarren batek ere egindakoa onartu du, eta asteazkenean deklaratuko du epailearen aurrean; orduan jakingo da akordioa lortzen duen edo ez.

Epaiketak segituko du urriaren 3ra arte, eta bost saio publiko izango dira. Ateak itxita deklaratuko dute, aldiz, zazpi biktimak, asteazkenean eta ostegunean. Guztira 214 urteko zigorra eskatu dute auzipetuen aurka.

2016an atera zen argitara auzia. Sansoheta zentroan bizi ziren 14 eta 17 urte arteko neska eta mutil batzuek egin zuten salaketa. Besteak beste, ustelkeria, sexu abusuak, adin txikikoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak egozten dizkiete hamar akusatuei, Berria egunkariak jaso duenez. Gizon horietako asko zentroko langileak ziren.