argia.eus
INPRIMATU
Adin txikikoei egindako sexu abusuen bost kasu ikertuko ditu Bilboko Elizbarrutiak
  • Adin txikikoei egindako sexu abusuen salaketekin txostena argitaratu zuen abenduan El País egunkariak: 251 kasu Espainiako Estatuan, horietatik bost Bizkaian. Azken horien inguruan ikerketa abiatuko duela iragarri du Bilboko Elizbarrutiak.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 04a
Irudia: Wikimedia Commons

Bost kasuak zentro erlijiosoetan jazoak dira: 1950eko hamarkadan Barakaldoko San Vicente de Paul ikastetxean, 1964 eta 1966 urteen artean Bediako San Joan Bautista elizan, 1971n Bilboko Santa Marina haurrentzako erietxean, 1976an Bilboko Cristo Rey parrokian, eta 1990ean Bilboko Maristak ikastetxean.

Ikerketa batzordea iragarri du Elizbarrutiak. “El País egunkariaren ikerketan salaketa egin dutenen ahalegina nabarmentzen dugu eta gertatu ahal izan den edozein gehiegikeria kasu argitzeko nahia partekatzen dugu”. Biktimen beharretan azpimarra jarriko dutela gehitu dute, oharrean.

Ikerketa, duten aukeren eta konpetentzien barruan ahal bezain sakona izango dela gaineratu dute. Kasu horien edo Elizbarrutiari lotuta egon daitezkeen beste batzuen inguruan edozein informazio izanez gero, honako emaila eman dute: protecciondemenores@bizkeliza.org.