argia.eus
INPRIMATU
Adin txikiko transexualei arreta eskaintzeko zerbitzua aurten jarriko du martxan Osakidetzak
  • EAEko trans legean aldaketak egiteko eztabaidan ari diren honetan, 2022 urtea amaitu aurretik Osakidetzak transexualen arretarako zerbitzua martxan jarriko duela iragarri du Jaurlaritzak, hasieran Gipuzkoan eta Bizkaian, eta adin txikikoei zuzendua. Bestalde jakinarazi dutenez, euren identitate sexuala aitortzen duen dokumentua eskatu duten adin txikikoen kopurua nabarmen hazi da azken bost urteotan.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 31
Naizen haur eta gazte transexualen familien elkarteak EAEko trans legearen 2019ko erreforma ospatu zuen.

Osakidetzan, sexologian eta genero identitatearen arretan adituak diren psikologo klinikoak bi baino ez direla-eta, hasieran Gipuzkoan eta Bizkaian abiatuko dute zerbitzua, eta gero zabalduko dute Arabara. Halaber, aurrerago helduentzat ere izan nahi du zerbitzuak, zeinak laguntza psikologikoa eta afektiboa ematea izango duen helburu nagusi.

EAEko 2012ko trans legearen erreforma egosten ari dira alderdi politikoak eta batzorde horretan egin du iragarpena Osasun sailburuordeak. 2019an izan zuen lehenengo erreforma legeak, eta transexualitatea despenalizatzea ekarri zuen. Honako honetan, adin txikikoen iritzia aintzat hartzea eta medikuen erabakietan parte har dezatela dago mahai gainean.

Identitate sexuala aitortzen dien dokumentua

2016tik, identitate sexualerako dokumentu iragankorra eskatu daiteke EAEn. Alegia, erregistro zibilean sexu identitatearen behin betiko aldaketa egin bitartean, euren identitate sexuala aitortzen duen dokumentua. Horren bueltan ere, hainbat datu eman ditu Jaurlaritzak: guztira 331 pertsona transexualek eskatu dute dokumentua 2016-2021 artean, erdia baino gehiago adin txikikoak. Adin txikikoen eskaera, gainera, nabarmen hazi da: 2016an ez zegoen eskaera egin zuen adin txikikorik; 2021ean denera egin diren 100 eskaeretatik 60 baino gehiago adin txikikoenak izan dira.