argia.eus
INPRIMATU
Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak
  • Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela. Mugimendu feministak eskatu dio bi gazteen ikastolari mutila eskolaz aldatzeko.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 19a
Gasteizko Mugimendu Feministaren elkarretaratze bat. Argazkia: Hala Bedi

2023ko ekainean 14 urteko mutil batek 13 urteko neska bati sexu erasoa egin zion. Neskak erasoa gertatu zenean jarri zuen salaketa. Orain dela gutxi iritsi da epaia: hamasei hilabeteko debekua ezarri diote biktimarengana 200 metro baino gutxiagora hurbiltzeko eta biktimarekin komunikatzeko edozein bide erabilita, baina eskola-esparruan urruntzearen gutxieneko distantzia 10 metrora gutxitzen da. Erasotzaileak agindu hori behin baino gehiagotan hautsi du eskolan, urraketetako bat Udaltzaingoaren aurrean gertatu zen. Poliziak berak urraketa salatu zuen arren Sara Mallen Basterra epaileak artxibatu egin zuen.

 

Gasteizko Mugimendu Feministak uste du erabaki judizial horrek neskari askatasunez eta segurtasunez bizitzeko eta jasandako kaltetik berreskuratzeko duen eskubidea urratzen diola. Laguntza psikologikoa jasotzen ari da, erasoarekin lotutako indarkeriak ondoez emozional “oso esanguratsua” utzi diolako, eta maila akademikoan eragiten ari zaio.

 

Erasotzailea eskolaz ez aldatzea ez du ulertzen mugimendu feministak: “Eragindako minaren aitortza eta biktimaren bizi espazioarekiko errespetua hartzen ditugu kontuan neurri hauek aldarrikatzerakoan”. Irailerako premiazko neurri hauek hartzea eskatu diete ikastolari eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Hezkuntza Sailari.

 

Gasteizko Mugimendu Feministak neurri hezitzaileak hobesten dituzte. Horregatik, erasoa egin duen gaztearentzat baliabide hezitzaileak jartzea eta prozesuan lagundua izatea eskatu dute. Indarkeria matxistaren aurrean erreparaziorako bideen alde egitea aldarrikatu nahi dute.