argia.eus
INPRIMATU
Adin txikiko migratuen babesgabetasuna diskurtso arrazisten abiapuntu
  • Astelehenean publiko egin duen “Bakarretan bakarrak” txostenaren bitartez adineko inoren laguntza barik migratzea erabakitzen duten adin txikikoen egoeraren berri eman du  Save The Children-ek. “Europar ametsa” bilatu asmoz, zeharo zaurgarri egiten dituen babesgabetasun egoeran ekiten diote hainbat eta hainbat adin txikikok sarri urteak irauten dituen baldintza gogorreko ibilbideari.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 22a
Save The Children-ek kaleratutako txosteneko argazkia (Save The Children)

Argitaratu berri den txosteneko datuek azpimarratzen dutenez, migrazio fluxu horrek gorantz egin du azken urteetan. EAEn 695 adin txikiko zeuden 2017an tutoretzapean, 2014an baino %127,12 gehiago. Eta horiek datu ofizialek jasotzen dutenaren araberako zifrak direla jakinik, migratutako adin txikikoen kopurua handiagoa dela ondorioztatu dezakegu.

Halako datuak azaleratzen direnean gertatu ohi den bezala, zenbaitzuk ez dute denbora gehiegi behar izan eskuak burura eraman eta adin txikikoen migrazio fluxuaren gorakada hau kontrolatu beharreko “jende-olde” gisa jotzeko. Horren adierazle dugu El Correo, egunkariak Enplegu eta Gizarte Politiketako kontseilari Beatriz Artolazabal-en irizpideekin bat egin baitu adin txikikoen migrazio honi jende-olde izaera ematerakoan. Badirudi egunkariak begi onez ikusten duela Artolazabalek Bizkaiko Gizarte Ekintzako Foru Diputatu den Isabel Sánchez Robles-ekin garatutako estrategia, adin txikikoen migrazioa jende-olde gisa aurkezteak erraztu egiten baitu iritzi publikoaren aurrean adin txikikoen zentroak ugaritzea beharrezko neurri bezala aurkeztea.

Egunkariari pasa egin zaio ordea txostenean azpimarratzen den baina estrategia horri dagokionez mesederik egiten ez duen beste datu baten berri ematea: beraien alde egon beharko lukeen arren huts egiten ari zaie babes sistema, zentroetatik beraien borondatez alde egin eta kalean bizitzearen aldeko hautua egiten duten adin txikikoen kopuru geroz eta puztuagoak erakusten duen moduan. Hala ere, badirudi EAE adin txikiko hauen ohiko helmuga (Espainiar Estatuko datuak ardatz hartuta, migrazioaren %10,84ak bertan hartzen du lekua) izatea pisudun arrazoi dela El Correorentzat bertako baldintzak beste lurraldeetakoak baino hobeak direla ondorioztatzeko, Save The Children-ek adierazitakoaren kontra gazte hauek “Euskadin babestu egiten direla” ziurtatzeraino. Gure hirietan ikusten duguna kontrakoa esatera badator ere, hortxe diskurtso arrazista indartu asmoz datuen irakurketa desitxuratu bat… eta DBEa aipatu beharrik gabe.