Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta jardueretan bi urte eta erdiz.
Noticias de Navarra hedabideak jaso duenez, Entrenatzaileak adin txikiko neskari garrantzi txikiko sexu erasoa egin izana ebatzi du Nafarroako Auzitegiak. Hala, Iruñeko Zigor Arloko 1 zenbakiko epaitegiak 2024ko uztailean emandako epaia berretsi du. Entrenatzaileak 5.040 euroko isuna ordaindu beharko du eta biktimari 2.000 euroko kalte-ordaina eman. Era berean, ezingo du adin txikikoekin harreman erregular eta zuzenik izan inolako lanbide eta jardueretan, bi urte eta erdiz.
Sexu erasoak 2023ko apirilaren 24an gertatu ziren. Akusatua entrenatzailea zen eta neska jokalaria, harrobiko jokalarien entrenatzailea eta klubean laguntzailea. Epaiak jaso du erasoa nola izan zen: bateatzeko tunelean zeudela, ustekabean, atzetik gerturatu eta musu eman zion ezpainetan bi aldiz. Neskak ez zuen erreakzionatu. Handik pixka batera tunel berean hirugarren aldiz musukatu zuen eta neskak entrenatzailearen jarrera arbuiatu zuen.
Akusatuak sententzia errekurritu zuen
Erasotzaileak salatzailearen bertsioa zalantzan jarri zuen. Argudiatu zuen salaketak kalte profesionala eragiten ziola, eta iradoki zuen adin txikikoak salaketa jarri zuela bere familiak klubeko arduradunekin desadostasunak zituelako. Gehitu zuen sare sozialen bidezko harremanak neskak hasten zituela eta “gustuko dut” ematen ziela berak argitaratutako mezuei.
Auzitegiaren ebazpenaren arabera, salatzailearen testigantza “iraunkorra izan zen, modu zehatz, koherente eta irmoan adierazia”.
Epaileak ebazpenean jaso du erasoak gertatu baino lehen “nolabait esan, maite-jolasetan” aritu zirela mezu-trukaketetan, baina musuen ondoren elkarrizketa giroa aldatu zela. Orduz geroztik, “txantxa giroan entrenatzaileak idazten zuen, eta ez neskak”. Erasoa eta gero, neskak ondoeza eta urduritasuna jasan zituen eta genero indarkeriaren biktimentzako arreta zerbitzuak jaso zituen. Laguntza psikologikoa jaso zuen.