argia.eus
INPRIMATU
26 emakume hilik aurkitu dituzte Mediterraneo itsasoan
  • Mediterraneoko sarraskiak ez du etenik: 26 emakume nigeriarren gorpuak agertu dira itsasoan, igandean. Ansa hedabide italiarrak jaso duenez, ikerketa ofizialak ez du baztertu homizidioa izatea eta bi trafikatzaile atxilotu dituzte hilketa leporatuta. Emakumeen gorpuek bortxaketa zantzuak izan ditzaketela adierazi du fiskaltzak.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 07a
Hildako guztiak nigeriarrak dira

Guztiak adin txikikoak dira, 14 eta 18 urte bitartekoak. Ikerketaren arabera, 26tik 23 gorpu itsasoan aurkitu zituen itsasontzi batek. Gainerako hiruak beste operazio batekoak direla diote. Hala ere, gertakarien atzean errudun bera egon daitekeelakoan dira. Gorpuak Italia hegoaldeko Salerno herrian porturatu dituzte. Lehen hipotesiek itsasora erori eta ito egin zirela dioten arren, bortxatu eta hil zituztela ere ez dute baztertzen.

Trafikatzaileek, bataz beste, 6.000 dolar eskatzen dizkiete migratzaileei Italiara iristeko: jatorrizko herrietatik Libiara iristen 4.000 dolar xahutzen dituzte. Mali, Boli Kosta edo Sierra Leonatik, esaterako.  Zazpi hilabeteko bidaiak dira eta, normalean, gauez mugitzen dira, sateliteetatik ezkutatzeko. Gainontzeko 2.000 dolarrak itsasontzira igotzeko behar dituzte.