argia.eus
INPRIMATU
“Adimentsuak eta ez adimentsuak bailiran banatzen ditugu pertsonak”
  • Generoaren eta matematikaren arteko harremanak aztertu ditu Uzuri Albizu Mallea matematikariak.

Olaia L. Garaialde 2023ko azaroaren 17a
"Neska batzuek, beldurrarenagatik, nahiago izaten dute zerbait ez egitea gaizki egitea baino".

Nafarroako Zientziaren Astearen zikloa dela-eta, generoak matematikako ikasgeletan hartzen dituen formez mintzatu da Uzuri Albizu Mallea matematikaria. Matematika, Hezkuntza eta Generoa gurutzatzen diren lekuak: Kartografia Bat tesiaren inguruan hausnartu zuen Iruñeko Nafar Ateneoan, azaroaren 13an.

Tesia egiteko, hala nola ikertzaileekin, feministekin eta hezitzaileekin elkarrizketak egin ditu eta Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleekin mintzatu da. Lanaren abiapuntua izan da aztertzea zein zerikusi duten matematikak eta generoak.

Albizuk salatu duenez, matematikak prestigio soziala dauka, eta hortaz, gurasoek, hezitzaileek eta irakasleek matematikari garrantzi handiagoa ematen diote: "Norbait ona bada matematikan edo zientzietan, bide hori jarraitu behar du, eta ez badu jarraitzen epaitu egiten da. Aldiz, matematikaren bidea jarraitzen baduzu gustuko duzulako, kontrako inertziak sortzen dira". Gaineratu du horren bidez pertsonen adimena neurtzen eta epaitzen dela: "Adimentsuak eta ez adimentsuak izango balira bezala banatzen ditugu pertsonak". Horren ondorioz, ikasleek barneratzen dute soilik "gutxi batzuek" ikasi dezaketela matematika.

Ikasleek barneratzen dute soilik "gutxi batzuek" ikasi dezaketela matematika

Horrez gain, ondorioztatu du diskurtso zientifikoetan genero estereotipo ugari erreproduzitzen dela. Esate baterako, nabarmendu du nesken eta mutilen arrakasta eta porrota ez direla berdin irakurtzen: “Neskek matematikan arrakasta lortzen dutenean langileak direla esaten dugu, eta mutilak aldiz, adimentsuak. Porrot egiten dutenean, aldiz, adimen gabeziaren ondorioz dela uste dugu, eta mutilen kasuan, nagikeria”.

Irakasleei egoitzen zaien rolaren inguruan ere gogoeztatu du, eta esan du autoritatea generoaren araberako dela, eta hortaz, gizonei autoritate handiagoa esleitzen zaiela. Horrekin batera, esan du bi “hezitzaile on” mota deskribatzen dituztela ikasleek: “Alde batetik, eraginkorra dena eta autoritate maila handia eta onarpen soziala duena; eta bestetik, zaintzen duena eta eroso sentiarazten duena”. Ikasleek hurrenez hurren gizonekin eta emakumeekin lortzen dituzte ezaugarri horiek. Horrez gain, umorearen kasuan, soilik gizonetan baloratzen dute ikasleek.

Zaurgarritasuna erdigunean

Albizuren arabera, matematikan legez hartzen da porrota edo hutsegiteak saihestu behar direla, agerian uzten duelako norberaren adimen gaitasuna. Horregatik, hutsegiteek ikasleengan duten eragina ere aztertu du, eta ikusi du bereziki neskei eragiten diela: “Genero sozializazioaren ondorioz txikitatik irakasten digutenez perfektuak izan behar dugula, neska batzuek, beldurrarenagatik, nahiago izaten dute zerbait ez egitea gaizki egitea baino”. Horregatik, esan du beharrezko dela zaurgarritasuna erdigunean jartzea, eta hutsegitearen inguruko esperientzia positiboak ematea. Hala ere, uste du egoera batzuetan zaila dela, irakasleek ikasle asko izaten dituztelako: “Zaurgarritasuna erdigunean jartzeko, ikasgela seguruak behar ditugu”.