argia.eus
INPRIMATU
Diario de Noticias de Álava egunkariko langileen salaketa
“Adimen artifiziala horrela erabiltzea kazetaritzari eta irakurleari iruzur egitea da”
  • Diario de Noticias de Álava (DNA) egunkariko langileak sinadura greban daude, eta aspaldi ari dira beren lan baldintza “miserableak” eta horiek kazetaritzaren kalitatean duen eragina salatzen. 2013tik soldatak izoztuta dituzte, eta ordutik erosahalmenaren %30 galdu dutela kalkulatzen dute. Jakinarazi berri dute DNAk adimen artifizialarekin egindako albisteak argitaratzen dituela, clickbait-a helburu, eta irakurlea egiletzaz ohartarazi gabe. 2024an 337.500 euro jaso zituen DNAk Jaurlaritzaren eskutik, adimen artifizialaren arriskuei aurre egiteko. Enpresa Batzordeko kide Borja Lazkano Herrerorekin hitz egin du ARGIAk.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko otsailaren 24a
Abenduaren 17an 20. urteurreneko ospakizuna egin zuen DNAko zuzendaritzak Gasteizko Europako Biltzar Jauregian, eta langileek protesta egin zuten atean. DNAko enpresa bazordea

Otsailaren 18an ohar bidez jakinarazi zuen DNAko enpresa batzordeak hedabidea “hainbat informazio digital” argitaratzen ari dela “ChatGPT moduko erremintekin”. Hurrengo egunean, hilak 19, sare sozialetan salatu zuten “gaur bertan” argitaratutako albiste bat aztertu zutela “hiru detektore” erabilita: “frogatzen dute informazioaren %90 baino gehiago AA bitartez sortu dela”.

“Adimen artifiziala horrela erabiltzea kazetaritzari eta irakurleari iruzur egitea da”, kritikatu du Lazkanok. Batetik, “kazetaritzaren etikaren” aurkakoa da, “asmo bakarra webgunea albistez betetzea da, eta bisita kopurua edozein modutan handitzea”. Bestetik, irakurleari “iruzur” egiten zaio. Antzeman dituzten albisteak kazetari batek sinatuta daude, batzuek ohartarazten dute AAren erabileraz, baina beste batzuek ez. “Momentuz soilik clickbait albisteak dira horrela sortutakoak, ez albiste serio edo landuak”, zehaztu du Lazkanok. Clickbait deitzen zaio kalitate txarreko edukiari, erabiltzaileek sakatu eta partekatu dezaten propio sortutako diru sarrerak handitzeko asmo hutsarekin. Hemen zenbait adibide: Baño o ducha: ¿cuál es la mejor opción para nuestro cuerpo?; El rincón de Álava que mezcla arquitectura medieval, naturaleza y playa; Las palabras más románticas en euskera para San Valentín según la inteligencia artificial.

"[Gerenteak esan digu] ez zaiela axola albisteak AArekin sortzea, webgunean bistaratzeak ematen badituzte"

“Gaurko ogia da, baina biharko gosea”, dio kazetariak. Langileen kalkuluen arabera, udaz geroztik DNAren bisita kopurua %30 inguru jaitsi da. DNAren irakurleak AAren erabilerarekin “atsekabetuta” daudela dio enpresa batzordeko ordezkariak, horrela jakinarazi dietela langileei ahoz eta idatziz. Enpresaren zuzendaritzan, aldiz, horrek ez du kezkarik sortzen, diotenez. Lazkanorekin albiste hau egiteko hitz egin eta hurrengo egunean, enpresa batzordetik ARGIAri azaldu diote ostegunean bilera "nahiko desatsegina" egin zela langileen eta gerentziaren artean, eta "mehatxuak eta presioak” egin zizkietela langileei AAren erabileraz “ezer ez kontatzeko”, salaketak izan duen eragina dela eta. Diotenez, gerentziak adierazi die 337.500 euroko laguntza, besteak beste, "AA sor dezakeen desinformazioari aurre egingo dieten kazetariak kontratatzeko" erabiltzen dela, "eta ez zaiela axola albisteak AArekin sortzea, webgunean bistaratzeak ematen badituzte".

Detektore bidezko DNAren albiste baten azterketaren emaitza. Irudia: @ComiteDNA

Milioiak dirulaguntzetan

AAren erabilera hori sustatzeko unea ere kritikatu dute langileek. 2024ko uztailean Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak hedabideentzak zazpi milioi euroko dirulaguntza onartu zuen. “Laguntza horien helburua da eguneroko informazioaren sorreran, lanketan eta argitalpenean adimen artifizial generatiboak duen eragin negatiboa minimizatzea eta desinformazioari aurre egitea”, azaldu zuen Jaurlaritzak. DNAko zuzendaritzaren praktika justu horren kontra doala dio Lazkanok: “Ba al dago kazetariak AArengatik ordezkatzea baino eragin negatiboagorik?”. Edonola dela, diru partida horretatik 337.500 euro jaso zituen DNAk Jaurlaritzaren eskutik. Kopuru handia izateaz gain, Lazkanok dio Noticias Taldeak jasotakoa ez datorrela bat dituen irakurle kopuruarekin, beste hedabide batzuei ematen zaienarekin alderatuta.

Ez da enpresa batzordeak dirulaguntzak emateko modua kritikatzen duen lehen aldia. Abenduaren erdialdean DNAren 20. urteurrenaren ospakizun handia egin zuten Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, ordezkari instituzional ugariren presentziarekin. Azken horiei zuzendu zitzaizkien langileak, jauregiaren atean kontzentrazioa eginda: “Batzordeak Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die publizitate instituzionalean diru publikoa sartu aurretik komunikabideei exiji diezaietela langileen lan-baldintzei lotutako klausulak”. DNAk “publizitate eta iragarkien” bitartez jasotako diru publikoa zehaztu du enpresa batzordeak: 2024an, Gasteizko Udaletik 177.000 euro; 2024an, Aldunditik 102.000; eta 2018-2023 aldian, Jaurlaritzatik 1.304.689. “Diru publikoa sartzen bada, zati bat behintzat baldintza miserabletan gauden langileentzako izan dadila”, exijitu du Lazkanok.

Hamabi urtez soldata izoztuta

2012an soldata %6 jaitsi zieten DNAko langileei, eta 2013an %1 igo. Ordutik, eta 2024ko ekainera arte, soldatak izoztuta izan dituzte, 1.300 euro inguruan. Ekainean Espainiako Estatuko kazetarien lan-hitzarmena sinatu zuen enpresak, baina Lazkanok salatu du horrek ez dituela soldatak apenas igo, eta gainera, okerrera egin dutela beste baldintza batzuk: “Adibidez, 2012an igandean lan egiteagatik 60 euro ordaintzen zizkiguten, orain 48; 2012an sekzio buru bat ordezkatzeagatik 13 euroko ordainsaria zegon eguneko, orain ez da ordaintzen”. 2013-2025 artean eros-ahalmenaren %30 galdu dutela kalkulatu dute langileek. Gainera, ekainean sinatutako lan-hitzarmena ez betetzea ere leporatzen diote zuzendaritzari. Besteak beste, salaketa jarri dute lan-ikuskaritzan enpresari nominak berandu ordaintzea leporatuta.

2013tik soladatak izoztuak dituzte eta eros-ahalmenaren %30 galdu dute langileek. Ekainean sinatutako lan-hitzarmena ez betetzea ere leporatzen diote zuzendaritzari

Lan-hitzarmen propioa eta lan baldintza hobeak eskatzen dituzte DNAko langileek, baita langileen arteko diferentziak murriztea ere. “1 kategoriako langileak lan-hitzarmenaren gainetik kobratzen dute, gutxienez %15, besteok doi-doi lan-hitzarmenak zehazten duen gutxienekoa, eta gainera arazoekin”, dio Lazkanok. Salatu dute  hainbat albiste (tartean AA bidez egindakoak), DNAko langileak ez diren kazetariak ari direla egiten, NTM Noticias Taldea Multimediako langileak baizik. Uste dute horko langileen baldintzak are prekarioagoak direla, eta susmoa dute ez ote den DNAko zuzendaritzaren asmoa NTM bidez DNAko langile kopurua murrizten jarraitzea. “2012an 57 langile ginen, orain 33”. Horren guztiaren aurrean hainbat protesta egin dituzte urteotan, eta abenduaren 2az geroztik sinadura greban daude, kazetariek ez dituzte haien artikuluak sinatzen. Noticias Taldeko Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko langileen egoeraz galdetuta, antzeko lan baldintzak dituztela dio Lazkanok.

Zuzendaritzaren jarrera

Enpresaren zuzendaritzaren aldetik, langileekin negoziazioak Roberto Ortíz de Urbinak gidatzen ditu. “Ez gaude batere pozik”, dio Lazkanok bere jarreraz. “Esaten digu gure eskaerak Noticias Taldeko zuzendaritzara helarazten dituela, eta onartzen ezinezkoak direla esaten diotela, baina ez dakigu horrela den”. 

Langileen eskubideen aurka egitea ere egozten diote Ortíz de Urbinari. Esaterako, urtarrilean lan-ikuskaritzak errekerimendua egin dio DNAri hainbat urtez autonomo faltsu gisa lanean izan dituen bi argazkilariri kontratua egin diezaien. “Argazkilariek eskatu ziguten enpresa batzordeko kideei haiekin egoteko, gure eskubidea da, baina Roberto Ortíz de Urbinak betoa jarri zigun”. Horregatik ere salaketa aurkeztua dute langileek. “Tristea da salaketaz salaketa ibili behar izatea, baina ez digute beste biderik uzten”.