argia.eus
INPRIMATU
Adimen Artifiziala bultzatzeko historiako inbertsio handiena iragarri du Trumpek
  • Stargate izeneko proiektuarentzat 500.000 milioi dolarreko inbertsioa iragarri du AEBetako presidente izendatu berriak. OpenAI, SoftBank eta Oracle konpainiek hartuko dute parte.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko urtarrilaren 22a
Texas estatuan enpresa ugari datu zentroak ari dira eraikitzen, Stargate deituriko proiektuarekin orain azpiegitura horiek gehiago zabalduko dituzte.

Adimen Artifizialarentzako azpiegiturei bultzada handia ekarriko dien inbertsio pribatua iragarri du Donald Trump AEBetako presidenteak asteartean: 500.000 milioi dolarreko Stargate proiektua aurkeztu du. Herrialdearen barne produktu gordinaren %1,7 suposatzen du horrek, AEBetako historiako inbertsio handienetakoa.

Proiektua aurrera ateratzeko arduradunak eta finantzatzaile nagusiak OpenAI, SoftBank eta Oracle konpainiak izango dira, eta funtsean, datu zentroak eraiki eta oinarri teknologikoa ematea izango da haien lana. Hasiera batean 100.000 milioi dolar jarriko dituzte: "Gure garaiko proiektu garrantzitsuena izango da", azaldu du OpenAIko Sam Altmanek.

AEBetan, Texas estatuan, jadanik hasita daude mega-poligono handiak eraikitzen Adimen Artifizialeko azpiegiturentzat, eta orain sare hori zabaldu egingo dute.

Donald Trump AEBetako presidentea eta SoftBank, Oracle eta OpenAIko buruak, Etxe Zurian egindako agerraldian.

Trumpek azaldu duenez, AEBetako Gobernuak "larrialdi energetiko" egoerak ezarrita lagunduko die konpainiei. Izan ere, adimen artifizialak energia xahutze izugarria eskatzen du, eta Trumpen gobernua prest da Stargate-k sortuko duen kutsadurari ezikusia egiteko, adierazpen horien bidez.

Stargate enpresarekin AEBek adimen artifizialaren arloan Txinari aurre egiteko posizioak aurreratu nahi ditu, bere ustez herrialdearen "segurtasun nazionala" babesteko estrategikoa delako.

Orain, TikTok

Bost urtetan TikTok pasa da tresna arriskutsu bat izatetik erosi eta "salbatu" beharreko zerbait izatera. Donald Trumpek app txinatarra debekatzen duen legea atzeratzeko agindua sinatu du, eta 90 egun gehiago eman nahi dizkio.

Horrekin lortu nahi duena da inbertitzaile milioidun batek sare soziala erosi dezala tarte horretan. Soilik horrela jarraituko luke TikTokek martxan AEBetan. Askok Elon Musken izena darabilte, X sarearen jabea, eta Trumpek berak asteartean Stargate aurkezteko prentsaurrekoan esan du "gustatuko litzaiokeela".

TikTokek 170 milioi erabiltzaile ditu AEBetan, eta Etxe Zurirako hauteskundeetan funtsezkotzat jo dute, gazteen artean hautagaien mezua zabaltzeko.