argia.eus
INPRIMATU
Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak
  • Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako hitzordua: itsuki eta dirutza jarrita, sektorearen garapenaren alde egin dute guztiek. "Irekia", "inklusiboa" eta "etikoa" izanen litzatekeen AA baten aldeko mezua zabaldu badute ere 61 estatuburuk, dirutza ez dute horretara bideratu.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko otsailaren 12a
AAren gailurra burutu dute Parisen, otsailaren 10 eta 11n. Bertan elkartu dira ehun bat estatuburu eta AA sektoreko enpresen ordezkari.

Adimen Artifizialari (AA) begira mesfidati direnek honela laburbildu dute otsailaren 10 eta 11n Parisen iragandako laugarren AA gailurra: antzerki handi bat, teknologia honek dakartzan arriskuez kezkatuak balira bezala itxuraz, baina, finean, beren interesei tiraka, guzia aitzinetik adosturik zutela. Bertan egon dira, ehun bat estatuburu, AA sektorean inbertitzen dabiltzan enpresen ondoan.

Berez interes orokorraz, ingurumenaz, kontrolaz ala bestelako gai korapilatsuez hausnartzeko hitzaldi eta hizlari interesgarriak egon dira gailurrean. Bertatik arrantzaturiko ondoko ideiak ekarri ditu berera Mediapart komunikabide independenteak: "AA gehiago behar dugunaren ideiaz urrundu behar gara, benetan baliagarria zaigunaz gogoetatu ahal izateko" (AI Accountability Lab-eko ikerlari Abeba Birhane); "Adibide andanak erakusten digu orain arte herritarrei inposatua izan zaiela AA, besteak beste, zainketaren bidez" eta "elkarren arteko lehia gogorrean dabiltza AA enpresak, nahiz eta ia datu berdinak izan, eta gehiago edo gutxiago, denak elkardependentzian egon" (Distributed AI Research Institute-ko ikerlari Nyallen Moorosi).

Baina, arriskuei aurre egiteko programetan inbertitu beharrean, AAren garapen sutsuaren aldeko inbertsioetan zentratu dira gailurrean egondako estatuak zein multinazionalak. Tartean, Europar Batasuna. AAren arloko boteretsuak diren Txina eta AEBen artean egonik ere, bere lekua egin eta lider bihurtzeko gogoa duelako Bruselak ere.

Europak ere lider izan nahi du

AAren sektorean inbertsioak bideratzeko engaiamenduaren berri eman die gailurrekoei Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek. InvestAI izena jarri dio programari eta 200.000 milioi euro bideratu dizkio, ondokoa azalduta: "Gure osasun artak hobetuko dizkigu AAk, ikerketa bultzatuko digu, berrikuntzan aitzina eginen dugu. (…) Ongi izatearen eta hazkundearen aldeko indarra izanen dugu". Europar Batasunean lau AA gigafabrika sortzea aurreikusten du, eta bakoitzak azken belaunaldiko 100.000 AArako txip inguru izanen lituzke –gaur egungo azpiegituretan baino lau aldiz handiagoa den edukiera–. Europako hainbat programatatik bideratuko diote dirua, Europako Banku Zentralak ere sostengua adierazi dio, estatuek ere jarri dezakete dirua, baina nagusiki, sektore pribatuko enpresek lukete diruztatuko –150.000 milioi euro bideratu beharko lukete horiek–.

"Arautegia drastikoki arintzeko" eskaera luzatu diete Europako agintariei, EU AI Champions Initiative aliantzaren pean diren 60 enpresek.

EU AI Champions Initiative izena jarri eta Europako 60 enpresak dute, funtsean, lidergotza horren aldeko postura plazaratu. Horien artean dira, besteak beste, Airbus, L'Oréal, Mercedes, Siemens, Spotify, Mistral AI, Dassault… Argi eta garbi, "arautegia drastikoki arintzeko" eskaera luzatu diete Europako agintariei. Postura bera entzunarazi die, funtsean, AEBetako presidenteorde J-D Vancek: "Garatuz doan industria hil dezakeen gehiegizko erregulazioa".

Hala ere, AEB eta Txinako lidergotzari lehiatzeko asmoaren egingarritasuna doi bat ahultzen du jakiteak programa horren ardura General Catalyst sozietatearen esku utzi dutela... eta azken hori amerikarra dela.

Xede ederrak, hitzetan: 61 estatuburuen adierazpena

"Herritarrentzat eta planetarentzat iraunkorra izanen den AA baten alde" kokaturik, adierazpen amankomun bat izenpetu dute 61 estatuburuk. Hots, "irekia", "inklusiboa" eta "etikoa" izanen litzatekeen AA baten aldeko mezua zabaldu dute Pariseko gailurretik. AEBak eta Erresuma Batua ez dira izenpetzaileen artean.

Zentzu horretan, Energiaren Nazioarteko Agentziak zuzendutako adimen artifizialaren energia-eraginaren behatoki bat sortzeko konpromisoa hartu dute. Agentzia horren arabera, 2022tik 2026ra %75az emendatuko litzateke AA sektorearen elektrizitate kontsumoa.

Orain arteko AA gailurrak Erresuma Batuan, Hego Korean eta Frantziako Estatuan egin dituzte eta ondokoa Indian iraganen da. Aurtengoa, jadanik, Frantziako Estatuarekin batera gidatzen zuen Indiak.

Ekintza artistikoa, nola ez, aipatu gabekoa

Komunikabide handiek eta sare sozialek isilean atxiki badute ere, AAren arriskuen berri emateko arte ekintza bideratu zuen Joanie Lemercier artistak urtarrilaren 27an, gailurrari ateak ireki zizkion palazioaren sartzean mezu argitsuak proiektatuz. Besteak beste, Elon Musken nazien agurra "Fascist" –faxista– mezuarekin, "AI Kills" –AAk hitzen du–, "Big Brother is watching you" –Anaia Handia zuri begira duzu– edota "Anti-Tech Résistance" –Tech-aren aurkako erresistentzia–. Hemen horietariko baten argazkia:

AAren gailurra egitekoa zuten palazioaren sartzean irudi hori proiektatu zuen Joanie Mercier artistak urtarrilaren 27an.