Mendekotasunen bat duten emakumeek askotan ez dute tratamenduetara jotzen, zigor soziala saihesteko. Eta tratamendua hasten duten emakumeen erdiek sentitu izan dute uzteko gogoa, batez ere gizonez osatutako taldeetan konfiantza falta sentitzen dutelako eta askotan jarrera matxistak jasaten dituztelako.
Nagore Orozek, Yolanda Cerverok eta Iosu Martinezek egin duten azterlanak galdera hauxe du izenburu: Aurkitzen al dute emakumeek oztoporik adikzioak tratatzeko baliabideetan sartzeko eta mantentzeko? Egungo egoeraren azterketa. Urtebetez, mendekotasun desberdinak dituzten EAEko 127 emakume eta haiekin zuzenean lan egiten duten profesionalak elkarrizketatu dituzte.
Mendekotasunak zituzten emakume horiek tratamendu-etapa desberdinetan zeuden, edo, kasu batzuetan, ez zuten baliabiderik erabiltzen. "Inolako laguntzarik jaso ez zutenen artean, asko zigor soziala saihesteko ezkutatzen saiatzen ari zirela ikusi dute ikertzaileek", Emakundek lanaren aurkezpenean azaldu duenez.
Era berean, ikerketak aztertu ditu zein motibo dituen tratamendua jasotzen duen emakume batek tratamenduarekin jarraitzeko edo bertan behera uzteko. Ahaldunduago sentitzea edo osasuna hobetzea dira tratamendua jarraitzeko arrazoi nagusiak. Hala ere, ikerketaren arabera, emakumeen erdiek aitortzen dute uzteko gogoa sentitu dutela, "batez ere maskulinoa den talde bateko bizikidetzarekin zerikusia duten faktoreengatik, konfiantza faltagatik, eta askotan jarrera matxistengatik". Horregatik, azterlanean parte hartu duten emakumeek eskaera hauek egin dituzte: genero-indarkeriako egoeretarako laguntza juridikoa eta psikologikoa jasotzea eta emakumeekin soilik osatutako eta genero-ikuspegiarekin landutako taldeak egotea.
Lan honek elkarrizketatutako profesionalen erdiak baino gehiagok onartzen du "emakumeek, hala izateagatik, zailtasunak dituztela adikzioen aurrean tratamendu edo baliabide bat eskuratzeko". Oztopo "objektiborik" ez dagoela diote, baina oztopoak genero-rol tradizionalei lotuta daudela: "beste pertsona batzuen zaintzari edo estigma sozialari lehentasuna ematea, adibidez".
Familia-medikuntzako, erizaintzako, gizarte-hezkuntzako eta psikologiako profesionalek parte hartu dute azterlan honetan eta hauen arabera, droga-mendekotasuna duten emakumeek tratamenduetarako sarbidea izan dezaten, "ezinbestekoa da eskuragarritasuna, bai ekonomikoa bai geografikoa, arreta espezifikoa eta generoari buruzko prestakuntza handiagoa izatea".