argia.eus
INPRIMATU
Arraunlariak erdaraz hitz egitera ez behartzeko eskatu diote Eusko Label ligari bost euskara elkartek
  • Eragile euskaltzaleek Traineruen Kluben Elkarteari eskatu diote bere komunikazio politika aldatzeko, babesa agertu diote zentsuratua izan zen arraunlariari, eta gainontzeko arraunlariei dei egin diete adierazpenak euskara hutsean egitera.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 12a
Argazkia: eitb.eus

“Hau ezin da errepikatu”, diote eragile euskaltzaleek komunikabideei igorritako komunikatuaren izenburuan. Uztailaren amaieran Traineruen Kluben Elkartearen (TKE) ikus-entzunezko plataformak gaztelaniaz hitz egitera derrigortu nahi izan zuen Donostiarra Arraun Elkarteko arraunlari bat, kirolariak adierazpenak euskara hutsean egin nahi zituela adierazi ostean. Gertaera horren aurrean, hiru puntuko adierazpen bateratua argitaratu dute kostaldeko bost herritako eragilek: Abantoko Axola euskara elkarteak, Donostiako Bagera euskaltzaleen elkarteak, Hondarribiko Blagan euskara elkarteak, Orioko Karkara Taldea kultur elkarteak eta Debako Zuhatza euskara elkarteak.

Lehenik eta behin, arraunlariari “elkartasuna” adierazi diete eragile euskaltzaleek. “Egunero” errepikatzen diren gisa horretako gertaeren aurrean, “garrantzitsua da presioen gainetik euskaldun gisa ditugun eskubideei tinko eusten dieten pertsonak agertzea, baita mota horretako gertakariak eremu pribatuan ez geratzea ere, euskararen erabilera denoi dagokigun zerbait delako”, sinatzaileen esanetan.

Bigarrenik, TKEri eskatu diote bere politika komunikatiboa aldatzeko, “euskaraz hitz egin nahi duten arraunlariak ez daitezen presionatuta sentitu”. Euskaraz soilik egitea “guztiz zilegi” dela iritzi diote eragileek eta, hortaz, hizkuntza ezberdinak erabili nahi izatekotan, “TKEk asmatu beharko du nola eseri tosta berean komunikazio eleanitza eta euskaldunei zor zaien errespetua”.

Azkenik, gainontzeko arraunlariak animatu dituzte hedabideen aurrean euskara hutsean aritzera. Batetik, kirolariak “erreferenteak” direlako jendartean. Bestetik, arrauna “kirola baino gehiago” delako. “Neurri batean, bizi garen herriak ordezkatzen dituzte gure traineruek. Erakutsi dezagun herri euskaldunak garela”.